Maiatzaren 17tik 20ra arte, Umore Azokaren 19. edizioa egingo dute Leioan. Udalak antolatutako kaleko artisten azokan, goi-mailako ikuskizunez osatutako egitarauaz gozatzeko aukera egongo da: Euskal Herriko txoko ezberdinetatik zein munduko beste hainbat lekutatik etorritako 40 konpainiek ehun emanaldi baino gehiago egingo dituzte. Hala, egun horietan, Leioara hurreratzen direnek erabateko 13 estreinaldi ikusi ahal izango dituzte, estatu mailako lau estreinaldi eta "kaleko" beste lau ere bai.
Programazioaren eta aukeraketa artistikoaren arduradun legez, Ana López Asensio Leioako Udaleko Kultura eta Gazteria Saileko zuzendariak jarduera-programaren kalitatea eta aniztasuna azpimarratu ditu; parte hartuko duten konpainiak 500 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu dituztela gogorarazi du. Hain zuzen ere, Lópezek azpimarratu duenez, "kale-arteak guztiz aldatu dira", Umore Azoka egin zuten lehendabiziko urtetik gaur egunera: "lehen antzerkia zen nagusi, kalean; baina, gero eta gehiago nabaritzen hasi da zirkuak eta dantzak konkistatu dituztela herriguneak". Umore Azokak jasotako eskaeretan ere diziplina ugari batzen dituzten proposamenak nagusi dira. Udal-arduradunaren arabera, "moldatzeko gaitasun hori da kaleak daukan abantaila".
Euskal Herriko 21 talde
Hala, Umore Azokaren 2018ko programazioak ehun emanaldi baino gehiagotara hurreratzeko aukera ematen du, horietako asko erabateko estreinaldiak. Aurten ere antzerkia, dantza eta zirku garaikidea izango dira ardatz nagusiak; baina, magiarako, umorerako eta su-ikuskizunetarako ere lekua egongo da. Sorkuntza-sektorearen ikuspuntutik, Leioako feriak Euskal Herriko kaleko arteen funtsezko erreferentzia izaten jarraitzen du. Horrela, parte hartuko duten 21 euskal konpainietatik (EAEko 18, Ipar Euskal Herriko bi eta Nafarroako bat), 15 orain arte ikusi gabeko obrakaz etorriko dira (hurrenez hurren, erabateko 11 estreinaldi, estatu-mailako estreinaldi bat eta kaleko beste 3 estreinaldi). Ana Lópezek dioenez, "badakigu Umore Azoka ezinbesteko hitzordua dela Euskal Herriko kaleko arteen kolektiborako, eta horregatik, hain zuzen ere, esfortzu handia egiten dugu hemen egiten diren sorkuntza-lan gehienek Leioako kaleko arteen azokan euren erakusleihoa izan dezaten".
Herritarrentzat eta profesionalentzat
Hain zuzen ere, "herritarrentzat eta profesionalentzat kaleko arte eszenikoen erakusleihoa izatea da Umore Azokaren helburu nagusia", López Asensioren arabera. "Baina, azoka on bat edukitzeko eta profesional ugari erakartzeko, kalitatea ezinbestekoa da", zehaztu du Kultura eta Gazteria Saileko zuzendariak. Horrek bertara hurreratzen den ikusle kopuruagaz ere zerikusia dauka. Iaz 37.000 lagun baino gehiago egon ziren ikuskizunez gozatzen: "izugarria da azken zortzi urteetan erakarri dugun jende-kopurua; zalantza barik arte eszenikoen zaleentzat hitzordu garrantzitsua bihurtu da Umore Azoka", aipatu du López Asensiok. Gaineratu duenez, "sormena, harritzeko gaitasuna eta antzezten duten profesionalak zein antzeztera ez datozenak elkartzen dira lau egunez; izan ere, gero eta gehiago dira Leioako azokara antzezlanak aukeratzera, akordioak ixtera eta kontratazioak egitera etortzen diren lagunak".
Aurten aurreikusi diren jarduera paraleloen artean hainbat erakunderen batzarrak egongo dira: Antzokien Euskal Sarearena eta Kaleko Arteen Profesionalen Elkartearena, besteak beste. Gainera, Artekale-Sarea topaketaren hirugarren edizioa egingo dute, eta Euskadiko Dantza Profesionalen Elkarteak katalogoa aurkeztu du. Bestalde, ohikoa den legez, Umore Azokak irauten duen bitartean, Kultur Leioa etenik gabeko topaketa profesionalerako puntu bihurtuko da, Artekale espazioaren bitartez. Azkenik, maiatzaren 18an banatuko dituzte 2017ko Umore Azokaren sariak, 14:30ean, Mendibile jauregian; Umore Azoka 2018 Sari Berezia ere bertan banatuko dute