Leioa Saskibaloi Taldeak udako campusa aurkeztu du

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 10a, 14:52
Leioa Saskibaloi Taldeko campusa, artxiboko irudian. © LEIOA SASKIBALOI TALDEA

Leioa Saskibaloi Taldeak zabaldu du udako campuserako izen-ematea; aurten ekainaren 25etik 29ra izango da saskibaloi-campusa, Tomin Aresti ikastetxean eta Kandelazubieta kiroldegian.

Klubak azaldu duenez, Kandelazubietan neska-mutilek zazpi kantxa izango dituzte, horietatik lau estaliak. Campusean parte hartu ahal izango dute 2004 eta 2012 bitartean jaiotako neska-mutil denek; ez da beharrezkoa aurretik talderen batean jokatu izana edo saskibaloi-ezagupenik izatea. Ikasi eta olgatzea gura duenak izango du campusera joateko aukera.

Campusa jagole tituludun eta eskarmentatuek bideratuko dute; saskibaloiaren teknika eta taktika irakastea izango da eduki nagusia, ume eta gazteen adin eta behar ezberdinak errespetatuta. Halere, bestelako jarduerak ere egingo dituzte, hala nola igerilekura joan, entrenatu edo jolasetan eta tailerretan jardutea. Campusa goizeko eta arrastiko ordutegia izango du, 09:00etatik 13:00etara eta de 15:00etatik 17:00etara. Behar dutenek aukera izango dute campusera goizeko 08:00etan sartzeko. Hala, aukeran izango da bertan ala kanpoan bazkaltzea. Modu berean, hamaiketako osasungarria eskainiko die klubak. Hainbat material ere oparituko dute.

Campusak zenbait prezio dauka, honako aldagai hauen arabera: umea bazkaltzen geratuko den ala ez; campus berean neba-arrebaren batek izena eman duen; eta umearen ikastetxeak akordioa duen ala ez Leioa Saskibaloi Taldeagaz. Hitzartutako zentroak dira Txomin Aresti, Betiko ikastola, San Bartolome, Artatza eta Irlandesas. Hala, preziorik merkeena 90 eurokoa da eta garestiena, 205 euro.

Inskripzioa klubaren webgunean egin daiteke, online. Zalantzarik izanez gero jo daiteke leioasbt@gmail.com posta elektronikora edo 616 717 510 (Txus Gómez) eta 653 724 052 (Igor Urreta) telefonoetara, egin beharreko galderak egiteko. Edozein kasuan, inskripzioa amaitzeko diru-sarrera egin beharra dago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun