Artatza eta Ballonti lotzeko tunela egingo dute, itsasadarraren azpitik

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 10a, 16:44

Unai Rementeria ahaldun nagusia eta Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatua, gaurko aurkezpenean. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

"XXI. mendean, Bizkaiko obrarik garrantzitsuena izango da, seguruenik". Berba horiekaz aurreratu du Unai Rementeria diputatu nagusiak zelakoa izango den Bizkaiko Foru Aldundiak metropolialdeko trafikoaren dentsitate handiak sortzen dituen arazoak konpontzeko prestatu duen plan integrala.

Soluzio orokor honek mugitzeko modu berriak sortuko ei ditu eta errepide-sarea eraberrituko du obra handi bi eginez: metropolialdeko hegoaldeko saihesbidea osatuko dute (bigarren fasea) eta tunela egingo dute Ibaizabalen azpitik.

Unai Rementeriak azaldu du erabaki honen atzean asmo bi daudela: batetik, Bizkaian etorkizunean mugitzeko beste modu bat ezartzea; eta bestetik, gaur egun sarean trafiko-arazo larrienak egoten diren hiru guneak askatzea: Arrontegi (137.000 ibilgailu egunean), Max Center (127.000 ibilgailu) eta Avanzada (114.000 ibilgailu). Bizkaiko Foru Aldundiak berehala ekingo die obra hauei: "Bihar bertan onartuko dugu metropolialdeko hegoaldeko saihesbidearen 1b fasearen lizitazioa; horrela eginda dagoen tarteak AP-68 autobidearekin bat egingo du Arrigorriagan eta hasieratik zeukan zentzu osoa bereganatuko du. Eta hemendik hilabetera, jarduketa hau abiaraziko dugu. Avanzada, A-8 autobidea eta Supersurra batzen dituen tunel bat. Artatzako biribilgunea Ballontiko ardatzarekin elkartzen duen tunela".

Bi obra hauetan 580 milioi euro inbertituko dituzte, denera. Nolanahi ere, ez dira aldi berean prest egongo: "uste dugu saihesbidearen bigarren fasea 2023rako edo amaituko dela; tunela, aldiz, ezin izango da erabili 2027ra arte", adierazi du Rementeriak. Azterlan teknikoen arabera, itsasadarraren azpiko tunela 53.000 ibilgailuk erabiliko dute egunean, eta saihesbidetik 24.000 ibilgailu pasatuko dira egunean. Gainera, teknikarien kalkuluen arabera, tunelari esker 17.500 ibilgailu gutxiago ibiliko dira A8tik Max Center-en, 41.000 Arrontegitik eta 38.000 Avanzadatik.

Rementeriak esan du inbertsio ona izango dela, Bizkaian autoan ibiltzen diren hiru pertsonatik birentzat onuragarria izango da eta; gainera, "bide-sareko arazo larria konponduko du". Hala ere, esan du erabaki honek ez duela esan gura "barra zabalik" dagoenik obra handiak egiteko, eta zehaztu du lehentasunak argi eduki behar direla. Horrez gainera, adierazi du aukera ederra dela Bizkaiak "luzaroan eduki duen" arazoa konpontzeko: "Orduan, zergatik orain? Uste dugulako oraintxe egin behar dela. Usteltzen utzi behar ez dugun aukera sortu zaigulako. Batetik, ezinbestekoa dugu. Berriro diot: auto-ilaren arazoa azkar konpondu behar dugu. Lehentasuna dugu sare seguruagoa edukitzea. Gainera, aukera daukagu. Geroz eta diru gehiago ari gara biltzen. Eta aurreikuspen guztien arabera hazkundeak hiru urte gehiago iraungo du gutxienez. Ez dut esango edo orain edo sekula ez. Baina argi daukat orain egin ezean ezin dela jakin noiz ahal izango den. Gobernuek erabakiak hartu behar dituzte".

Tunel multimodala

Ahaldun nagusiak azaldu du tunelaren trazadura zehazteko azterlan informatiboa egingo dela, eta hori hilabeteko epean adjudikatuko dela. Aurreratu du tunelean berariazko eremua egongo dela autoak ez beste garraiobide batzuetarako, hau da, azpiegitura multimodala izango dela: "Bidesaria ordaindu behar ez den tunel bat izango da, hiru kilometrokoa, eta bertatik ibilgailuez gainera beste garraiobide mota batzuk ere ibiliko dira. Argi utzi nahi dut ekimen hau onuragarria izan behar dela gaur egun eta geroan ere. Izan ere, ez dakigu nolakoa izango den mugikortasuna etorkizunean. Baina tunel hau etorkizunerako prest egongo da. Autoez gainera beste garraio modu batzuk ere hartu ahal izango ditu. Etorkizunak berak esango digu zer erabiliko den: anezka, autobus elektrikoa edo beste sistemaren bat".

Itsasadarraren azpiko tunel horrek, gainera, Bizkaiko gaitasun handiko errepideen sarearen hauskortasuna (Arrontegik ez dauka alternatibarik) konponduko du. Diputatu nagusiak esan duenez, nahiz eta aztertu diren alternatibetan garestiena izan (besteak Axpe eta Lutxana izan dira), "hoberena" da trafikoa erakartzeko eta kostuen eta onuren arteko ratioan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun