"Denborak aurrera egin ahala Leioaren errealitatea aldatu egin da eta udalerriak zein leioaztarrek konponbide, zerbitzu eta, batez ere, kirol-eredu berriak behar dituzte. Testuinguru horretan, partaidetza-prozesu bat abiaraztea proposatu dugu, zuzen-zuzenean jakiteko zeintzuk diren Leioako bizilagunen premiak kirol-arloan. Espazio publikoen erabilera posibleak, kirol jarduera berriak… eta abar", azaldu dute udal-iturriek.
Honetarako guztirako, Udalak leioaztarren partaidetza eskatu du, herritarren iritziakaz eta ekarpenakaz batera kirol-eredurik onena eraikitzeko asmoaz.
Karpa informatiboak
Ekarpen horiek jasotzeko, karpa informatiboak ipiniko dituzte ekainaren 20an eta 21ean, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Bestalde, herriko kirol talde eta kirolariakaz osaturiko taldeak antolatuko dira eztabaida sortzeko. Eta publiko zabalari zuzenduta, galdeketa irekia prestatu da, ekainaren 27an egingo den partaidetza-tailer bategaz batera.
Daborduko galdeketa etxeetara bidali dute, eta Leioako Udaleko Gobernu Irekiaren Atarian, LeioaZabalik-en, dago eskegita. Leioaztarrek hainbat bide dituzte ondoko galderei erantzuteko:
Aurrez aurrekoa:
• Udaleko Herritarrenganako Arreta Zerbitzuetan.
• Udalerrian zehar banatuta dauden postontzietan.
• Ekainaren 20an eta 21ean, Sakonetan egongo den karpan.
• Edo, ekainaren 27an, 18:00etan, Ondiztorren izango den partaidetza-tailerrean.
Online:
• Leioa.zabalik@leioa.net helbide elektronikora proposamenak bidaliz.
• Leioako Udaleko Gobernu Irekiaren Atarian: Leioazabalik.leioa.net
• Sakoneta kiroldegian egongo den totemaren bitartez.
Prozesuaren emaitzak txosten batean jasoko dira LeioaZabalik atarian.