Gizonezko bat atxilotu dute Leioako taberna bateko zerbitzariari lesioak eragitea leporatuta

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 3a, 18:12

Ertzaintzak 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo arrastian, Leioan; taberna baten arduradunari lesioak eragitea leporatzen diote. Biktima ospitalera eroan behar izan zuten, eta ospitaleratuta geratu zen. Dirudienez, eztabaidan zebitzala arrastatuak bultza egin zion biktimari, eta lurrera erortzean kolpea hartu zuen buruan.

Arrastiko 17:30ak aldera, Leioako merkataritza-zentro bateko segurtasun-zerbitzu pribatuko langile batek Ertzaintzara deitu zuen, gizonezko bi eta ostalaritza-establezimendu bateko arduraduna borrokan zebiltzala eta azken hori zaurituta zegoela esanez. Patruila bertara iritsi zenean, ertzainek egiaztatu zuten gizonezko bat lurrean dardarka zegoela eta pertsona bi ari zitzaizkiola laguntzen, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak adierazi duenez.

Bertan zeuden bezeroek eta merkataritza-eremua zaintzeaz arduratzen zirenek emandako informazioaren arabera, zauritua tabernako zerbitzaria zen, eta aurretik eztabaida izan zuen gizonezko bigaz; dirudienez, emandako zerbitzuagaz lotuta. Euren artean borrokan zebiltzala, batek bultza egin zion zerbitzariari, eta, itxura denez, lurrera erortzean buruan kolpea hartu zuen.

Biktima, zaurituta, Gurutzeta ospitalera eroan behar izan zuten anbulantzian. Bestalde, ustezko erasotzailea lokalean zegoen, eta atxilotu egin zuten. Arrastatua gaur, martitzena, eroan dute epailearen aurrera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun