Leioa Kantika Koralak kontzertu berezia egingo du zapatuan

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 5a, 18:21
© LEIOA KANTIKA KORALA

Zapatu honetan, uztailaren 7an, Bartzelonako Veus ­ Cor Infantil Amics de la Unió abesbatzagaz emango du kontzertua Leioa Kantika Koralak. Hitzordua 20:30ean ipini dute, Leioako San Juan elizan; sarrera, doan.

Basilio Astulez zuzentzen duen Leioa Kantika Korala nazioartean dauden umeen abesbatza entzute­tsuenetariko bat da. Hainbat kontzertu, jaialdi, bira, sari eta grabaketa (diskograkoak, irratikoak eta telebistakoak) egin ditu, eta, horrenbestez, itzal artistikoa utzi du Europan, Ameriketan eta Asian. Zirrara sorrarazten du bere maila artistiko ikusgarriagaz, sonoritate eta musikaltasun izugarriagaz, egitarau berritzaileagaz, eta, halaber, koreografia koloretsu eta dinamikoagaz.

2000n Leioako Musika Kontserbatorioaren barruan sortua, espezialitate zein adin askotariko 50 musika-­ikasle gaztek osatzen dute. Kantika 15 herrialdetan baino gehiagotan egon da, eta, horien artean, Hego Ko­rea da nabarmentzekoa; 2014an bertan emanaldi bat eman zuen, Espainiako estatu osoan aukeratutako abesbatza bakarra zela, Seulen egindako Nazioarteko Musika Koralaren X. Sinposioan.

Kantikak 20 sari baino gehiago irabazi ditu nazioarteko zein Estatuko lehiaketetan, eta zazpi disko­ grabatu egin ditu. Gainera, bere emanaldi asko telebista autonomikoetan zein Estatukoetan eman dira.

Veus ­ Cor Infantil Amics de la Unió

1996an sortu zen, Societat Coral Amics de la Unió de Granollers (Bartzelona, Herrialde Katalanak) abesbatza-­elkartearen barruan sortutako musika eskolagaz. Sorreratik, Josep Vila Joverren zuzendaritzapean, ahots zuriko abesbatza hau bere sorkuntzen kalitateagatik, eklektizismoagatik eta berezitasunagatik nabarmendu da.

Nazioarteko jaialdi askotan hartu du parte, eta saritua izan da zenbait lehiaketatan; berbarako, aipatzekoak dira Taipeiko Abesbatza Jaialdia (2017), abesbatzaren ibilbi­deagatiko Guido d’Arezzo saria (2017), lehen saria To­losako Abesbatza Lehiaketan (2015) eta UERen Let the People Sing! lehiaketaren Silver Rose Bowl saria (2013).

Abesbatzak berezko ikuskizunak sortzen ditu den­boraldi guztietan, eta, horien artean, diziplina askotako VEUS ikuskizuna azpimarratu beharra dago; halaber, kanpoko ekoizpenetan ere hartzen du parte. Veus ­ Cor Infantil Amics de la Unió abesbatza aldizka aritzen da Kataluniako agertoki nagusietan, Estatuko musika-­talde garrantzitsuenetariko batzuekaz batera.

Zenbait disko eman ditu argitara. Horien artean, be­rriki, VEUS DVDa (ikuskizun arrakastatsuaren bilduma, FICTAk editatuta) eta "Un barret de cançons" (Josep Vila Casañasen musikagaz eta Miguel Descloten olerkiakaz) argitaratu ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun