Uztailaren 19an egingo dute Leioako Telleria auzoko etxebizitzen zozketa

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 13a, 12:13

© LEIOAKO UDALA

Daborduko argitaratu ditu Leioako Udalak Telleria auzoan babes ofizialeko 11 etxebizitza eta 4 etxebizitza tasatuak alokatzeko aurkeztu diren pertsonen behin betiko zerrenda; udaletxean dagoen iragarki-taulan eta udal-webgunean begira daitezke. Zozketa publikoa eguenean egingo dute, uztailaren 19an, 12:00etan, Kultur Leioako entzungelan.

Gaur argitaratu duten 2033/18 alkatetza-dekretuaren bidez erabaki ditu Udalak alokairuan izango diren babes ofizialeko 11 etxebizitza eta 4 udal etxebizitza tasatuen zozketara aurkeztu diren onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak, denak HAPOren 42B Arearenak (Telleria hutsik), zeinean aurkeztu diren erreklamazioak jasotzen diren.

Beste alde batetik, aipatutako dekretuaren behin betiko zerrendetan egoteak ez du bermatzen eskatutako baldintzak betetzea, udal-iturriek adierazi dutenez. Baldintzak betetzen diren edo ez salerosketa-kontratu pribatuaren ikus-onetsia ematean egiaztatu beharko dela diote: BOEen kasuan Eusko Jaurlaritzaren aldetik, eta Udal Etxebizitza Tasatuen kasuan Leioako Udalaren aldetik.

Onartuak eta baztertuak

Babes Ofizialeko etxebizitzei dagokienez, Leioan erroldatutako 168 leioaztarrek aurkeztu dute eskaera, eta onartuak izan dira azkenean; Leioan lan egiten duten 7 pertsonek eta Euskal Autonomia Elkartean (EAE) erroldatuta dauden beste 55 pertsonek ere izena eman dute. Denera, hemeretzi (19) pertsona ez dira onartuak izan, arrazoi ezberdinak medio.

Udal-dekretuan zozketatuko diren etxebizitzen zehaztasunak ere azaltzen dira.

Udal-dekretua hilabeteko epean errekurritu daiteke Udalean bertan edo hilabete biko epean, administrazio-auziaren bitartez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun