Pozarren daude Leioako San Bartolomeko jai-batzordeko kideak, azken bileran hamabi lagun batu ziren eta. "Gero eta jende gehiago gaude eta auzoko jende berria sartu da; horrela bai, lana gustura egin daiteke!", azaldu du Xabier Tejeda jai-batzordeko kideak. Aurten, jai-egitaraua berregin dute jai-boluntarioek, ohiko jarduerak atalka ipiniz, jaiek iraun bitartean giroa egon dadin. "Beste modu batean probatzea erabaki dugu: jaiak barikuan hasiz, ea jendeak festak indarrez hartzen dituen", dio Tejedak. Izan ere, iazko egueneko erromerian zortzi lagun besterik ez ziren egon plazan. Hala, lehenengoz hamarkada honetan, jaietako egun-kopurua hiru egunera jaitsi du jai-batzordeak; 2016an, sei egun izan ziren; besteetan, lau.
Hainbat aldaketa
Aurrekoetan ez bezala, aurten, barikua gehienbat umeei begirako eguna izango da: "Zapatuan azoka eta herri-bazkaria egingo ditugunez, umeentzako kontu gehienak barikuan ipini ditugu", nabarmendu du jai-batzordeak. Beste aldaketa bat ere bada: ez da egongo kuadrilla-kalejirarik. Horren ordez, kuadrillek eta gura duten denek mozorro-jaia izango dute aukeran. Jai-batzordeak mozorro-gai bat proposatuko du, eta norberak bere kontura egingo du mozorroa. Horiez gainera, antolatzaileek domekako marmitako-lehiaketa azpimarratu dute, 53.a izango delako eta parte-hartzea handitu gura dutelako, azken urteotan izen-emateak nabarmen jaitsi baitira. Gogoratu dutenez, azken hiru urteetan umeentzako marmitako-masterklasa eskaini dute jai-batzordeak eta Bilboko Makilaren Kofradia Euskal Herriko gastronomia-elkarteko kideek, gurasoek marmitakoa prestatu bitartean. "Oso ondo dago, 30 bat ume egoten dira; lapikoa ematen diegu, janaria prestatzen dute eta etxean jateko eroaten dute, lapikoa eta guzti!".
Egitaraua osorik:
Abuztuak 24, barikua
- 11:30 Txupinazoa eta Txirlori VI. omenaldia.
- 11:30 Umeei begirako Zuresku egur-jokoak.
- 12:00 Meza eta ohorezko aurreskua.
- 13:00 Nagusientzako luncha.
- 13:30 VIII. Igel-tokaren txapelketa.
- 18:30 Asto-probak.
- 20:00 Elektro-txaranga eta mozorro-jaia, Punkygaz.
- 21:00 Sardina-jana.
- 23:00 Gau-jaia, Akerbeltz taldeagaz.
Abuztuak 25, zapatua
- 10:30 Trikitilarien kalejira, goiz osoan.
- 10:30 Euskal produktuen merkatua.
- 11:30 Umeei begirako puzgarriak
- 12:30 Umeentzako margo-txapelketa.
- 13:00 Kantu-poteoa, txosnetatik.
- 14:00 Margo-txapelketaren sari-banaketa.
- 15:00 X. herri-bazkaria: Trikiti-txotx. Txartelak, barikutik salgai.
- 18:30 Asto-probak eta sari-banaketa.
- 19:30 XIV. Tortilla Txapelketa.
- 21:00 Tortillak aurkeztea eta sari-banaketa.
- 22:00 Bakarrizketa, Maribel Salas eta Asier Hormazagaz.
- 23:30 Gau-jaia, Luhartz taldeagaz.
Abuztuak 26, domeka
- 11:00 Trikitilarien kalejira, goiz osoan.
- 11:00 53. Marmitakoen Txapelketan eta umeen Masterklas Marmitako Txapelketan, izen-emateak.
- 11:30 Umeentzako puzgarriak.
- 13:30 Marmitakoen aurkeztea.
- 13:30 XIII. Mus Txapelketa Arina.
- 17:30 Herri-kirolen probak, irekiak. Izen-ematea, txosnan.
- 18:30 Marmitako Txapelketako sari-banaketa.
- 19:00 Zumba, Raúl de la Pazekin.
- 21:00 Txokolatea banatuko dute.