Leihosexek denboraldi berria hasiko du gaur, eguenean, Aterpe Leioa Gaztegunean, Aldapabarrena kaleko 2. zenbakian. Zerbitzuak ohiko ordutegiari helduko dio, 16:30etik 18:00etara, Ana Vallés Renteria arduradunak iragarri duenez. Psikologoa, sexologoa eta hilekoaren terapeuta da Vallés.
Zerbitzua 13 eta 35 urte bitartekoei zuzenduta dago. Halandaze, erabiltzaileak gazteak dira eta horiek gutxi hurreratzen dira, "lotsagatik eta beldur txikiak izateagatik". Hala ere, sexologia-zerbitzuak bestelako bideak dauzka gazteei aholkularitza errazteko: "Normalean whatsapp bidez botatzen dituzte galderak edo jakinmina eragiten dizkieten gaiak; posta elektronikoz ere idazten dute". Horregatik, aurrez aurre joaten direnen adina apur bat nagusiagoa da, "gazte helduagoak edo euren gurasoren bat dira modu horretan datozenak", azaldu du sexologoak.
Bere ustean, "gazteak ez daude gizarte honetatik aparte". Horregatik, aholkularitza eskaintzen diete gazteakaz behar egiten duten profesionalei, gurasoei edo aitita-amamei ere: "Denak onartzen ditugu, informazioa gazteei bideratuta badago". Dena den, aholkularitza Leihosexen eginkizun nagusia eta norbaitek, berbarako, terapia behar izanez gero, zerbitzu hori eskaintzen duten profesionalengana bideratzen dute. Modu berean, kondoirik ez dute banatzen, baina zein farmaziatan saltzen diren esaten dute. Gazteen kasuan segimendua egiten dute, "haiek ez baitute dirurik izaten" profesionalengana jotzeko.
Nabarmena da "neskak gehiago etortzen direla mutilak baino; mutilek gehiagotan idazten digute". Nesken kasu gehienak desiraren eta plazer eta plazer-ezaren gaineko kezkak izaten dira: "Zer egin dezaketen plazera sentitzeko edo gehiago gozatzeko", alegia. Berbarako, orgasmoa izan duten ala ez zalantzaka. Halere, denetarik dagoela gogorarazi du Leihosexeko arduradunak. Mutilen kasuan, berriz, galderak izaten dira plazeraren gainean, erekzioa mantentzearen ingurukoak edo horretarako zailtasunez. "Homosexualitateaz, desioen orientabide sexualaz ere idazten dute; ez dakite neskak gustatzen zaizkien, mutilak gustukoak dituzten, beste sexukoak erakartzen dituen, eta hori zer den ere galdetzen dute".
Vallések argi dauka Leihosexen helburu nagusia: "Norbanako bakoitza, bai neska edo bai mutila den heinean, bere sexualitatea modu onuragarri batean bizitzea; zerbitzua horretan laguntzeko dago". Hala, garrantzia ematen dio norberak bere desioak eta nortasuna ondo garatzeari eta bide horretan laguntza eskatzeari.
Erabiltzaile-kopurua
Iaz, urte osoan, hamar bat pertsonak jo zuten Leihosex zerbitzuko kontsultara, aurrez aurre. Posta elektronikoz eta whatsappez, dozenaka. "Askotan inguruko ikastetxeetan ere bagaudenez, sexualitate-tailerrak ematen, ezagutu egiten gaituzte eta ikasgelan argitzen ditugu zalantzak; zer edo zer pertsonalagoa gertatuz gero, orduan idazten dute" azaldu du Ana Vallések. Eskaintza zabala dauka Leihosexek horretarako: Facebook, Twitter, Instagram, posta elektronikoa eta Whatsappa erabiltzen dituzte. "Zerbitzuko ordutegia 90 minutukoa da aste osoan, baina beti gaude telefonoan edo ordenagailuan; hurbil gaituzte".