Txorierriko igogailuko lanak hasi dituzte, azkenik

Kepa Ugarte Martiarena - Alazne Palacios 2018ko ira. 27a, 08:00
Lamiakoko metro-geltokiaren aurrean egongo da Txorierrirako igogailua. HODEI TORRES

Udalbatzak 2006an onartu zuen Lamiako eta Txorierri arteko igogailua egitea; lanak hasita daude eta bederatzi hilabetean amaitzea espero dute.

Karmelo Sainz de la Maza jelkidea alkate zela, Leioako Udalbatzak 2006ko otsailaren 23an onartu zuen Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) behin-behinean aldatzea, Lamiako eta Txorierri lotuko zituen igogailua eraiki ahal izateko. Hamabi urte eta erdi baino gehiago igaro da geroztik. Mari Carmen Urbieta alkateak eta Iban Rodriguez Etxebarria alkateorde eta Hirigintza zinegotziak irailaren 20an aurkeztu zuten azpiegitura horren lanen hasiera.

Rodriguezen berbetan, "hasierako obrak Eusko Jaurlaritzak egin behar zituen, baina eguraldia dela-eta lan horien amaiera atzeratu egin zen. Amaitzear zeudela gu bigarren ataleko lizitazioa hasi genuen, jarraian guri dagozkigun obrei hasiera emateko".

Hirigintza zinegotziak esandakoari jarraiki, Eusko Jaurlaritzak 2016ko azaroaren 14an ekin zion eremu horretako urbanizazio-lanen lehenengo faseari. Langileria kalearen eta Txorierri auzoaren arteko etorkizuneko igogailua eraiki ahal izateko ezinbesteko lanak ziren horiek. Lanok hainbat instalazio-sare desbideratuz hasi ziren, Ramon Rubial plazan bertan eta Txorierri auzoaren hegoaldean; izan ere, mendi-hegaleko lanakaz hasteko aurreko pausoak ziren horiek.

Etxe-ugazabakaz arazoak

Eusko Jaurlaritzari zegozkion lehenengo urbanizazio-lanak. 2016ko hasierarako, maldan gora, igogailua ipini behar duten lekuan zeuden hiru etxeetatik bi botata zeuden, Etxebizitza Sailak ugazabakaz hitzarmena lortu ostean. Hala ere, 2017ko ekainera arte ez zuten akordiora lortu Eusko Jaurlaritzak eta Langileria kaleko 80. zenbakian bizi den familiak. Udala igogailua ipintzen hasi baino lehen urbanizazio-lanak amaituta izan behar zituen Gasteizko gobernuak, agintari leioaztarrek orduko hartan gogorarazi zutenez. Baina Iban Rodriguez Hirigintza zinegotziak azaldu legez, horiek ez ziren arazo bakarrak izan Eusko Jaurlaritzak egin beharreko lanak atzeratzeko.

Bederatzi hilabete

Oztopoak oztopo eta atzerapenak atzerapen, daborduko igogailua ipintzeko lanak hasi ditu Leioako Udalak. Agintari leioaztarrek azaldu dutenez, inbertsioa 2,1 milioi eurokoa izango da. Rodriguezek esan duenez, "proiektuaren arabera bederatzi hilabete barru amaituko dugu, dena ondo joanez gero".

Ezaugarriak

  • 47 metroko desnibela gaindituko du.
  • 113 metroko ibilbide horizontala.
  • 22,5 graduko inklinazio-angelua.
  • 25 pertsonarentzako lekua.
  • Orduko, joan-etorriko zortzi bidaia.
  • Gehienez 400 pertsona garraiatuko ditu orduko.
  • Bidaiak minutu biko iraupena dauka.

Herritarren iritzia

"Hil egingo naiz eta ez dut igogailua eginda ikusiko. Ez naiz inoiz hara gora igo"
Julia Santín Domínguez
88 urte

"Lanak hasita daude, erdi eginda dago; baina auskalo noiz amaituko duten"
Maite Arrondo Izquierdo
57 urte

"Auzo hau abandonatuta dago; igogailua dela eta, auzoa hiltzen utzi dute"
Elena Juez Albizu
74 urte

"Txarto eta berandu. Herritarrek premia ikaragarria daukate"
Marcelino Gutiérrez Díaz
67 urte

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun