Zer balio du guneak?
Gaur egun balio ekologiko eskasa du Lamiakoko ibarrak. Txikia denez, berreskuratzeak ez luke izugarrizko inpaktua ingurumen aldetik, baina heziketa-gune interesgarria litzateke, eta balio sinboliko handia ere edukiko luke.
Aspaldiko eskaria
Lamiakoko Ibarraren Defentsarako Plataforma 2003an hasi zen gunea kontserbatzeko neurri eske. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak maiatzean baztertu zuenetik bertan makro-araztegi bat eraikitzea, hurbilago dute helburua.
Udalaren esku
Abuztuan, Leioako agintariek ibarrerako plan paisajistikoa garatzeko asmoa agertu zieten ekologistei. Xehetasunik ez da zabaldu oraindino, baina hainbat hedabidetan aipatu da itsasadarreko errepidea itxiko lukeela Udalak.
Hegaztien "geltokia"
Kantauri itsasoko itsasadar guztiak, baita Ibaizabalekoa ere, egokiak dira migrazioa egiten duten hegaztientzat. Atseden hartu eta elikatzeko pausaguneak dira, eta kasu batzuetan negu osoa igarotzen dute hemen, bertoko espezieakaz batera.
Errepidea kendu
Ekologistek itsasadarreko errepidea eraisteko eskatzen dute, marea ibarrera sartu dadin. Era berean, lurra kendu eta urak berak paisaia birmolda dezala gura dute. "Lasai utziz gero, naturak berrosatzeko gaitasuna du", azaldu dute. Oinezko eta bizikletentzako pasabidea eraikiko litzateke, eta auto-trafikoa Felipe del Río kalera eroan.