Iñigo Cabacas gogoan, epaiketa hastear dela

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 9a, 16:33
Hainbat ikasle Iñigo Cabacasen aldeko pankarta egiten. © IÑIGO CABACAS LEIOA

Urriaren 15ean hasiko da "Cabacas auziaren" ahozko epaiketa, eta azaroaren 9ra arte iraungo du. Hala, eguazten honetan, urriaren 10ean, manifestazioa egingo dute, Leioako campusean. "Iñigo justizia. Ez dugu sekula etziko!" goiburuaren pean, 12:00etan irtengo dira, Mikel Laboa plazatik. Iñigo Cabacas Leioa taldeak deitu du mobilizazioa.

Horrez gainera, eguenean, urriaren 11n, jaialdia egingo dute Bilboko 7Katu gaztetxean, Cabacasen sendiari epaiketaren gastuei aurre egiten laguntzeko; 20:00etatik aurrera izango da jaia.

Ertzaintzak jaurtikitako gomazko pilota batek buruan jo zuen Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 5ean, Athleticen garaipena ospatzen ari zela, eta zauri larriak eragin zizkion. Bost egun geroago hil zen. Auziaren instrukzioa luzea, korapilatsua eta oztopoz beterikoa izan zen, eta, azkenik, Ana Torres Bilboko auzitegiko epaileak epaiketa egiteko tramiteak hasi zituen iazko apirilean, hilketa gertatu eta bost urtera.

Iñigo Cabacas Leioari dagokionez, campuseko ikasle ohia zenaren hilketaren bosgarren urteurrenaren harira antolatutako ikasle-taldea da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun