Prozesua ekain eta irail artean egin dute. Horren bidez, 324 pertsonak eman dute iritzia, 27 lagun izan dira tailerretan eta herriko kirol-instalazioetako zazpi langilek ere parte hartu dute. Analisia hiru erabileremutan oinarrituta garatu da: kirol-jarduera, kirolaren presentzia udalerrian eta udalerriko kirol-instalazioak.
Besteak beste, kirola udalerrian bizi ahal izatea goraipatu dute parte-hartzaileek. Horren inguruan, mahai-gaineratu dituzten estrategiak hainbat dira: kirol-diziplina barreiatzea sustatu; doako klaseen bidez lehiaketa-tankerako jarduera-ekimenak kaleetan gauzatu; aire zabaleko kirola praktikatzea bultzatu; herriko klubek kalean bertan ekitaldiak egin; eta Leioan dauden eremu ugariak aire zabaleko kirola egiteko baliatu.
Halaber, kirola bizimodu osasungarriaren ezinbesteko atala delako mezua zabaltzea, publizitatea egitea eta nabarmendu diren herriko kirolarien lorpenak ezagutaraztea zein erreferentzia-lehiaketak indartzea lehenetsi dute iritzia eman duten herritarrek. Prozesu honen bidez, Leioan bizi diren pertsona denen beharrak ezagutu gura izan ditu Udalak.
Emaitzakaz bat
Parte-hartzeko prozesuaren ostean eman beharreko pausoez, lehenik eta behin emaitzak aztertu eta ondorioak atera behar dituztela adierazi du Leioako Udaleko alkateorde Iban Rodriguez Etxebarriak. "Gero, teknikoki, hausnarketa sakona egin behar da (arlo ekonomikoa, gestioa...), eta behin hausnarketa hori eginda lizitazio berria bideratu beharko litzateke", gaineratu du agintari leioaztarrak.
Bestalde, kiroldegi berri baten beharra sumatzen du Udalak. "Izatez, gaur egungo egiturak nahiko zaharkituta gelditu dira eta horien egokitzapena ez da erraza, ezta merkea ere", esan du Rodriguezek.
Parte hartzeko prozesuan bertan aipatzen denez, Leioak azken urteotan biztanleriaren hazkunde handia izan du, eta bere azpiegiturak horren eragina jasotzen hasi dira. Kirolak eta kirol-instalazioek ere jasaten dute eragin hori.
Horri jarraituz, alkateordearen ustez, "oraindik hausnarketa egin behar da kirol-eredua zein izan behar dan jakiteko. Argi dagoena zera da: instalazio egokiak behar direla eta etorkizuneko Leioak behar dituen instalazioak izan beharko dituela, hots, Leioak biztanleriaren handitzeagaz bat etorri beharko duela".
Hainbat iritzi
- Kirolaren kudeaketa
Parte-hartzaileek onuragarritzat jo dute horretan lan egingo duen erakunde autonomoa sortzea, eta langileen teknifikazioa eta profesionalizazioa.
- Kirol- instalazioak
Besteak beste, kirol-instalazioak hobetzeko beharra adierazten da eta auzoei gutxieneko kirol-horniketa
ematea.