"Leioako Udala Pinuetara begira ipini da berriro ere, beharrezkoa bezain egokia den proposamenarekin", Leioako udal-agintariek adierazi dutenez. Mari Carmen Urbieta alkateak eta Iban Rodríguez Etxeberria alkateordeak eta Hirigintza zinegotziak herriko gune hori birgaitzeko ideia-lehiaketaren xehetasunak azaldu zituzten atzo prentsaurreko batean. "Lehiaketa horrek espazio publikoak hirigintzaren aldetik duen kalitatea hobetuko du, pertsonak protagonista nagusi bilakatuz, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik birgaitzen lagunduko du, tokiko merkataritza berrindartuz, eta Cervantes plaza topaleku eta erreferentziazko espazio gisa nabarmenduko du", azaldu zutenez.
Udal-ekimenaren beste helburu batzuek ere abantailak ekarriko ei dituzte: aparkatzeko arazoari aurre egitea, aparkaleku pribatuei dagokienez gabezia handia duen auzoaren beharrei aurre egin ahal izateko behar adinako zuzkidura ezartzeko beharra kontuan izanda; gertueneko ingurunerako irisgarritasuna hobetzea, Artatzako parkeak auzoaren birika berde handi gisa eskaintzen duen aukera baliatuz; eta udalerriaren gainerakoarekin dauden loturak hobetzea, Pinueta Leioara hurbiltzea eta alderantziz.
Hiru sari
Epaimahaiaren esku-hartzea, goiburua eta herritarren partaidetza izango dituen ideia-lehiaketa hori prozedura ireki eta publikoz egingo da, eta irabazten duen proposamenaren egilean saria jasoko du esku-dirutan. Proiektu horren zenbatekoa 80.000 euroan aurreikusita dago, eta horietatik sari legez emandako 6.000 euroak kenduko dira. Bigarren lekuan geratzen den proposamenak 4.000 euroko saria jasoko du, eta hirugarrenak 2.000 eurokoa.
Epaimahaiak aurkeztutako proposamenen bideragarritasunari buruz egindako lehenengo azterketaren ostean, eta herritarrek horren inguruan dauzkaten iritziak ezagutzeko xedez, erakusketa egingo dute horretarako egokitutako leku fisiko batean, eta Udalaren Gardentasunaren eta Gobernu Irekiaren atariaren (leioazabalik.leioa.net) bitartez ere bai.
Partaidetzarako epealdi hori bukatu eta gero, herritarren aldetik jasotako iritzi eta iradokizun denak epamahaiari bideratuko zaizkio, lehiakide bakoitzak aurkeztutako gainerako dokumentazioarekin batera baloratu ahal izateko.