Tuberkulosia aurkitu diote Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasle bati

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 5a, 16:49
© EHU

Osakidetzak jarduketa-protokoloa martxan ipini du, Bizkaian tuberkulosi-kasu bat baieztatu ostean; Leioako campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean ikasten dabilen pertsona bat da, EHUk berak baieztatu duenez.

Bizkaiko Osasun Publikoko Zuzendariordetza Unibertsitateagaz ipini da harremanetan beharrezko informazio dena emateko; halaber, gaixotasuna kutsatzeko arriskuan egon diren pertsonei dagozkien neurriak ari zaizkie aplikatzen. Datozen egunetan, ikastegi horretako langileen eta ikasleen kontaktu posible denek hitzordua jasoko dute gaixorik ez daudela ziurtatzeko.

EHUk adierazi duenez, gogoan izan behar da tuberkulosia gaixotasun komuna dela —Bizkaian, urtean 120 bat kasu erregistratzen dira— eta gaur egun, tratamendu egokiaz, sendatu egiten dela. Aire-bidetik kutsatzen da, eztul egitean edo berba egitean; eta, oro har, hura transmititu ahal izateko, bizikidetasun estua eta luzarokoa behar da. Tuberkulosiaren baziloa oso sentikorra da kanpoko baldintzekiko. Beraz, ez da beharrezkoa ezelako jardunik ikastegiko instalazioen gainean, eta erabateko normaltasunez jarrai dezake jardunean.

Horren haritik, hezkuntza-komunitateari lasaitasun-mezua igorri diote agintari sanitarioek, beharrezko prebentzio-neurri guztiak martxan ipini direlako. Halaber, datozen asteetan fakultateko langileei zein ikasleei eskatuko zaien laguntza eskertu gura dute, aldez aurretik. Osasun Sailak eta Osakidetzak unean-unean emango dute egoera honen bilakaeraren berri, neurri gehiago hartu behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun