Berdintasunaren bidean, herritarren partaidetza lantzen dabiltza Leioan

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 10a, 08:00
Besteak beste, emakumeen kontrako indarkeriagaz amaitzeko prebentzioa eta arreta hobetu gura dute. HODEI TORRES

Urriaren akabuan hainbat eragilegaz lan-batzarrak egin ostean, azaroan berdintasun-planaren zirriborroa landuko du Leioako Udalak. Urte-akaburako prest egotea espero dute, Udalbatzak onar dezan.

Emakume eta Gizonen Berdintasunerako IV Toki Plana lantzen dabil Leioako Udala, Murgibe berdintasunerako aholkularitza-zerbitzuaren laguntzagaz. Proiektu honen testuinguruan sei lantalde osatu zituzten, proposamenak jasotzeko. Urriaren 26tik 28ra arte egindako batzarretan diagnostikoaren emaitzak azaldu eta taldeka etorkizunerako planaren ekintza-ildoak landu ziren. Horretarako, lantaldeetan jorratutako arlo bakoitzagaz zerikusia daukaten eragileei eta erakundeei luzatu zieten parte-hartzeko deia.

Murgibe aholkularitza-zerbitzuko arduradunek aitortu dutenez, parte-hartzea ez da oso handia izan taldeka, "baina osotasunean hartzen badugu kopurua handitzen doa; 24 pertsonak (hemeretzi emakumek eta bost gizonek) euren proposamenak zuzenean eman zituzten". Besteak beste, ondokoak eskatu dituzte: emakumeen txoko bat sortzea, jaietan brigada feministak antolatzea, gizonakaz maskulinitate berriak lantzea, berdintasun-teknikaria lanaldi osoan kontratatzea, waterpoloko edo gimnasia erritmikoko emakumeak jaietako pregoilariak izatea, txikitatik nesken eta mutilen kirol mistoa egotea, guraso-elkarteek berdintasun-arduraduna izatea, liburutegian atal feminista ipintzea, eta emakume nagusiei zuzendutako jabekuntza programa bat martxan ipintzea.

Desberdintasunaren aurpegiak

Oraindik ere, Leioan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-falta erakusten duten hainbat adierazle daude, Murgibe aholkularitza-zerbitzuko adituen berbetan. Berbarako, errenta-arraila % 39koa da. Emakumeen batez besteko errenta 13.152 eurokoa da, eta gizonena 21.769 eurokoa. Bestalde, emakumeen langabezia-tasa % 12koa da, eta gizonena % 8koa. Enplegu-kontuak alde batera utzita, 2017an, Leioako 74 emakume artatu behar izan zituzten genero-indarkeria dela eta. Berdintasunaren arloan lantzeke dauden hainbat arlo ere antzeman dituzte egindako diagnostikoagaz. Besteak beste, zaintzaileek babes handiagoa (ekonomikoa, psikologikoa…) behar dutela uste dute.

Bestalde, ikastetxeetako espazioak berrikusi beharko lirateke berdintasunaren ikuspegitik. Adibide bat aipatzearren, azpimarratu dutenez, "oraindik ikastetxeetako futbol-ateek espazioso handia okupatzen dute eta ez diete lekurik uzten beste mota bateko joko eta jolasei". Horrez gainera, familiakaz berdintasunaren baloreak landu beharko lirateke. Gizonak ere gehiago inplikatu beharko lirateke zaintza lanetan. Azkenik, adindun emakumeak ikusezinak direla uste dute. Izan ere, horiek ere bazterkeria sufritzen dute, eta arreta handiagoa eman beharko litzaieke genero-indarkeria sufritzen duten emakume nagusiei.

Bitartean, herritarren proposamenak jasotzeko bideak ezarri dituzte. Orain arte, 90 pertsonak erantzun dute (% 65 emakumeak eta % 45 gizonak) eta aukera dago oraindino galdetegia (https://tinyurl.com/y93z9y4f) betetzeko.

Plan berriaren ildo nagusiak

  • Genero-ikuspegia udal-kudeaketan gehiago landu.
  • Emakumeen jabekuntza bultzatzeko programak indartu, intersekzionalitatea kontuan hartuta. Hau da, adina, ezintasuna, jatorria, sexualitatea eta abar.
  • Kontziliazioa eta erantzunkidetasuna lantzeko sentsibilizazioa eta konpromisoak bultzatu.
  • Emakumeen kontrako indarkeriagaz amaitzeko prebentzioa eta arreta hobetu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun