Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, joan den bariku goizean pertsona batek Leioako Udaltzaingora deitu zuen, gizonezko bi bere etxeko atea manipulatu guran zebiltzala esanez. Udaltzaingoaren hainbat patruila berehala joan ziren esandako lekura, eta harrapatu egin zituzten lekukoak emandako deskribapen fisikoagaz bat zetozen gizonezko bi; batek ez zeroan dokumentaziorik. Agenteek han zertan zebiltzan galdetu zieten, eta "erantzun sinesgarririk" jaso ez zutenez, miatu egin zituzten. Miaketan etxeetan lapurreta egiteko erabiltzen diren objektuen artean "pumping" maisu-giltzak, aluminiozko zatiak, guraizeak, gakorde bat eta Leioako Artatza kalean aparkatuta zegoen auto baten giltzak aurkitu ei zizkieten udaltzainek; eta, ondorioz, atxilotu egin zituzten.
Ertzaintzaren egoitzara eroan ostean, agenteek identifikatu egin zituzten usteko lapurrak, eta egiaztatu ahal izan zuten biek zituztela polizia-aurrekariak Bizkaian egindako hainbat lapurretatan inplikatuta egoteagatik.
20 urteko gaztearen jabetzakoa den autoa miatu zutenean, ertzainek lapurretak egiteko erabili ohi diren erreminta ugari aurkitu zituzten; besteak beste, Stillson giltzak, hainbat tamainatako bihurkinak, giltza ingelesak, palanketa bat eta tamaina handiko labana bat. Agenteek Bilboko etxe batetik azaroaren 3an lapurtutako maleta bat eta Kolonbiako 20.000 peso ere aurkitu zituzten autoan, Segurtasun Sailak dioenez.
Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du atxilotuek Bizkaiko hainbat etxebizitzatan, "modus operandi" bera jarraituz egindako lapurretegaz zerikusirik ote duten jakiteko.
Dagozkion polizia-eginbideak amaitutakoan, arrastatuak epailearengana eroan zituzten, eta aske utzi zituzten.