Leioako Udalak 16 pertsona kontratatuko ditu

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 14a, 11:38

Mari Carmen Urbieta Leioako alkatea.

Lanbideren bitartez, Leioako Udalak 16 pertsona kontratatuko ditu tokiko 2018-2019 Enplegu Planaren barruan. Egitasmoak zenbait jarduketa-ildo ezartzen ditu enpleguaren sustapenerako, Leioaren garapen sozioekonomikoan eta modernizazioan eragina izango duten proiektuen bitartez, "Auzoko laguntzaileak" eta "Leioako udalerriko ardatz estrategikoen indarketa" ekimenen bidez.

"Auzoko laguntzaileak" proiektuaren bidez, Leioako Udalak erabilera publikoko zenbait zerbitzu ipiniko ditu herritarren esku, zenbait alorretan informazioa eta aholkularitza bideratzeko eta udalerria benetako ongizate egoera sortzeko beharrezkoak diren baldintzetan dagoela zaintzeko. Zehatzago esanez, 11 pertsona kontratatuko dira: koordinatzaile bat, lau auzo-laguntzaile, arotz bat, peoi espezialista bat eta lau margolari. Horrela, herriko zaindari talde horrek hautemandako jazoerak arinago konpondu ahal izango dira, horretarako eratuta dagoen laneko brigadaren esku-hartzeari esker.

Beste alde batetik, "Leioako udalerriko ardatz estrategikoen indarketa" programarako bost pertsona kontratatuko dituzte: merkataritza-teknikari bat, merkataritza jardueragaz erlazionatutako jarduketen dinamizaziorako; turismo-teknikari bat, turismo-dinamizaziorako jarduketak martxan ipintzeko; gazteria-teknikari bat, Gaztedi Uribe Kosta 2017-2019 programako lanetik kanpoko praktiketako beka programaren koordinazioa eta dinamizazioa egiteko; herritarren partaidetzarako teknikari bat, partaidetzan oinarritutako prozesuak dinamizatzeko eta martxan ipintzeko; eta ariketa fisikoko koordinatzaile bat, kanpoan egiten diren ariketa fisikoak planifikatzeko eta gauzatzeko.

"Proiektu horien garapenaren bitartez, pertsonen enplegagarritasuna hobetzeaz gainera, udalerriaren lehiakortasuna eta erakarpena bultzatzea bilatzen da, zerbitzuak herritarren esku izango dituen bizitzeko ingurune atsegin legez", adierazi dute udal-agintariek.

Interesatutako pertsonen eskura egongo den informazioa

Hautagaien aurre-aukeraketa Lanbidek egingo du, deialdian ezarritako eskakizunen arabera. Lanbiden dituzten datuak aldatu edo eguneratu gura dituztenek, Behargintzan edo Lanbideko bulegoetan egin ahal izango dute. Dena den, informazio guztia daukate webguneko Enplegu Eskaintza Publikoa atalean edo Leioako Behargintzan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun