Zinema-iruzkina: "Carmen y Lola"

Izaskun Rodriguez 2018ko aza. 19a, 11:41

Arantxa Echevarríak, gidoilari, ekoizle edo teknikari lanetan 27 urte eman eta gero, aurten estreinatu du bere lehenengo film luzea zuzendari modura: “Carmen y Lola”, emakume ijito biren arteko amodio-istorioa.

Lanbidea ondo ezagutzen duela erakutsi du bilbotarrak Cannesen harrera ezin hobea jaso zuen lan honen bidez, nahiz eta polemika ere piztu den: ijito elkarte bateko emakumeek estigmatizatu izana aurpegiratu diote egileari.

Carmen, tradizioari jarraituz, gizon baten emazte izateko bidean dagoenean, Lola, bere senargaiaren lehengusina ezagutu du. Lola ezohiko ijitoa da, unibertsitatera joan nahi duena eta grafitiak margotzen dituena. Bien artean konexioa sortu da.

Askotan gertatzen den bezala, fikzio honen abiapuntua Echevarríak irakurritako albiste batek sortu zuen. Emakume ijito bik euren ezkontzaz berba egin zuten lehenengoz komunikabide baten aurrean. Gonbidaturik ez zela agertu kontatu zuten, eta ez ziren ausartu argazkian aurpegia erakustera. Zinegileak buelta eman gura izan dio argazkiari eta errealitate hori aurrez aurre erakutsi, intentsitate berezi bategaz bizitzen den lehenengo amodioaren bidez gainera.

Sakonean hemen ikus daitekeenak ez du lesbianakaz zerikusia bakarrik; familia-giroan, lagunartean eta komunitatean onartua ez izateagaz baizik. Horrek erabaki baten aurrean ipintzen du norbera: zarenari bizkarra eman edo eutsi, ekarriko dituen arazo eta ondorioei aurre eginez.

Gidoia osatzeko testigantza zuzenak lortzea ez zen lan erraza izan, ezta antzezle nagusi biak topatzea ere: 1.250 ijitok parte hartu zuten castingean. Zaira Morales (Carmen) zortzigarrena izan zen, eta Rosy Rodríguez (Lola) 875.a. Neska denek filmean parte hartu gura zuten, antza, baina ez protagonista lanetan. Freskotasuna da Morales eta Rodríguez hasiberrien interpretazioen ezaugarri aipagarrietako bat. Bitxikeria bat: Echevarríaren esanetan, errodatzean neska biak elkar musukatzeko konbentzitzeko, aurretik berak ere emakume bat musukatu behar izan zuen. Ideia ausart bat muturreraino eroateko grinaren adibide txiki bat.

Zuzendaria / Gidoilaria: Arantxa Echevarría

Antzezleak: Zaira Morales, Rody Rodríguez, Moreno Borja…

Azaroak 27, 20:00etan

Leioako Kultur Etxea

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun