Leioako udal-arduradunek eta herritarrek parte hartuko dute Jenga Lab Irekia jardunaldietan

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 21a, 14:02
Mari Carmen Urbieta Alkatea, Iban Rodriguez Etxebarria Alkateordea eta herritarrak jardunaldien berri emango duen autobusaren ondoan. © LEIOAKO UDALA

Jenga Lab Irekia herritar-jardunaldiak egingo ditu Herrigune udal-egitasmoak, datozen egunetan, Kultur Leioako entzungelan (bihar, eguenean, 17:00etatik 20:00etara) eta Onditzeko Dorrean (etzi, barikuan, 17:00etatik 20:00etara; etzidamu, zapatuan, 11:00etatik 13:30era). Bertan, Leioako politikariek, udal-teknikariek eta herritarrek "elkarregaz herria egiten jarduteko zergatiari, helburuari eta moduari buruz" eztabaidatuko dute.

Mari Carmen Urbieta Leioako alkateak, Iban Rodríguez Etxeberria alkateordeak eta zenbait herritarrek jardunaldien xehetasunak azaldu dituzte prentsa-aurrekoan, gaur goizean.

Herrigune Leioa Udalak herritarren partaidetzarako bultzatu duen egitasmoa da, komunitatea-ikasketa ingurune gisa sustatzeko xedez, herritarrak ahaldunduz.

Administrazioa eta herritarrak

"Zergatik eta zertarako egin elkarrekin" izenburua daroan lehen saioa bihar izango da, 17:00etatik 20:00etara arte, Kultur Leioako entzungelan; Udalak bere kudeaketan "herritarren partaidetza sartzeko egin duen apustuaren" zergatiari erantzuna ematen zentratuko da, zergatik eta zertarako.

Lehenengo topaketa horrek hiru esperientzia aberasgarri jorratu ditu, bere sustatzaileen ahotik: Javier González katalana, Citilab-eko zuzendaria; Koldobike Uriarte, Eusko Jaurlaritzako berrikuntza publikoko proiektuen arduraduna; eta Beatriz Nuin, Osasun Publiko eta Adikzio Zuzendaritzako Osasunaren Sustapen arduraduna.

Horrez gainera, 1999-2007 urteetan Leioako alkatea izan zen Karmelo Sainz de la Maza Herrigune Leioaren bultzatzaileak ere hartuko du parte, eta Leioako politikarien partaidetza izango duen mahaia irekiko da, euren ikuspegietatik galderei erantzunez.

"Zer da elkarrekin egitea?" izenburua daroan bigarren saioa etzi izango da, 17:00etatik 20:00etara arte, Onditzeko Dorrean, eta bloke bitan egongo da banatuta: Herriguneko lan-taldeakaz erlazionatutako Leioako zenbait herritarrek euren esperientzien berri emango duten "Ezagutzaren azoka"; eta duela 18 urtetik Herrigunegaz erlazionatutako pertsonek emango dituzten bost minutuko berbaldiez osatutako "Herriguneko esperientziak".

Amaitzeko, "Zelan egin elkarrekin?" izenburua daroan hirugarren saioa zapatuan egingo da, azaroaren 24an, 11:00etatik 13:30era arte, Onditzeko Dorrean; bertan, herriko politikariak, udal-eknikariak eta herritarrak eseriko dira herria egiteko zergatiari, helburuari eta moduari buruzko gogoeta egiteko.

Egiazkoa: duela 17 urte, 3.000 umek altxor bat lurperatu zuten Leioan

Duela 17 urte, 3.000 umek altxor bat lurperatu zuten udaletxeko oinetan. Egun horretan, Leioak konpromiso handia hartu zuen jolasagaz. Hori izan zen Herrigune Leioaren lehen pieza eta, ordutik, komunitate eta ikasketa proiektu horrek ibilbide luzea izan du.

2018an, Herrigune Efektua kanpaina ipini zen martxan. "Urte garrantzitsua izan da, parentesi urtea, Leioak norantz joan eta zelan egin gura duen, ikasten, jolasten, eraikitzen… zelan jarraitu pentsatzeko. Hau da, herritarrek, politikariek, udal teknikariek… parte hartzen eta herri egiten jarraitzeko modua aurkitzeko", diote agintari leioaztarrek.

Jolasaren muina

Joan den otsailean erronka handia planteatu zitzaion Leioako komunitateari, Jenga Eguna. Bertan, jolas batek kalea bereganatu zuen, eta denen artean, komunitatearen erronkaren 890 solairu eraiki ziren, ia 14 metroko dorrea. Horren ostean, Herrigune Leioak zelangoa izan behar zuen jakiteko prozesu luzea ipini zen martxan. Horrela, gogoetarako eta elkarregaz ikasten segitzeko gunea sortu zen, Jenga Lab izenekoa. Bertan, aste luzez, Leioako herritarrei, udal-teknikariei eta Udal Gobernu taldeari, Herriguneak zelangoa izan behar zuen galdetu zitzaien.

Hori dena konpartitzea eta Herrigune Leioa ezagutzen jarraitzea da hiru egun horietan egingo diren Jenga Lab Irekia jardunaldi herritarren izateko arrazoia.

Egitaraua:

Azaroak 22, eguena

  • 17:00 Irekiera ofiziala: Mari Carmen Urbieta Leioako alkatea
  • 17:10 Javier González Cornelláko Citilab-eko zuzendaria
  • 17:40 Koldobike Uriarte Eusko Jaurlaritzako berrikuntza publiko proiektuen arduraduna
  • 18:30 Beatriz Nuin Osasunaren Sustapen arduraduna. Osasun Publiko eta Adikzio Zuzendaritza. 
  • 18:45 Karmelo Sainz de la Maza Leioako alkatea (1999-2007) 
  • 19:15 Mahai-ingurua Leioako ordezkari politikoen partaidetzagaz, Aintzane Cabo EHUko irakasleak moderatuta.
  • 20:00 Luncha

Azaroak 23, barikua

  • 17:00 Ezagutzaren Azoka: Astronomia Irakaslea, Manualidades Lantaldea, Reparadores Lantaldea, Umeen Kontseilua eta Ekotaldea Lantaldeak, Leioa Trantsizioan Lantaldea, Frantsesa Lantaldea, Gastronomia Irakaslea, "Antzinako Leioa" argazki-erakusketa.
  • 18:00  Herrigune Esperientziak: Bizibideak - Eskolara Lagunekaz, Zilborhestea (Umeei laguntzeko sarea), Hezkuntza Berrikuntza - Innovación Educativa, Umeen Kontseilua eta Ekotaldea, Leioa Trantsizioan, Arboretum, Txikiteroak.
  • 20:00 Luncha

Azaroak 24, zapatua

  • 11:00 Herrigunek dinamizatutako laneko mahaiak: Zelan egin dezakegu elkarrekin? 

Lau gairekin jolastuko dira laneko lau mahaitan: Eta ... bagenu?


-Eta Leioako altxorra lur azpitik aterako bagenu?

-Eta Leioan Herritarren Laborategia martxan jarriko bagenu?

-Eta Leioako Udalak proposatutako gai bati buruz lan egingo bagenu? 

-Eta Leioako herritarrek proposatutako gai bati buruz lan egingo bagenu?

  • 12:30 Jolas&Solas, Asier Gallastegik dinamizatua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun