Fernando Plazaola da Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekano berria

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 22a, 19:05
Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanotza-talde berria. © EHU

EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak dekanotza-talde berria dauka joan den barikutik, EHUk zabaldu duenez. Dekano berria Fernando Plazaola Muguruza katedraduna da.

Datozen lau urteetan Plazaolagaz batera ikastegia zuzentzen arituko dira Aitor Payros Agirre, Gabriel Alejandro López, Ibon Sagastabeitia Buruaga, Maike Adame Ortiz, Maren Ortiz Zarragoitia, María Asunción García Sánchez, Monika Ortueta Aldama, Olatz Zuloaga Zubieta eta Teresa Serrano Moreno.

Fernando Plazaolak azaldu duenez, "Dekanotza-taldean argi dugu erantzukizun handia dugula, metodo zientifikoan oinarrituta, gizartearen ongizaterako oso garrantzitsua den espiritu kritikoa garatzeko gai diren profesionalak sortzerako orduan. Gaur egungo gizartea, etengabeko aldaketa-prozesuan murgildurik dago eta giza-eskakizunak etengabe  aldatzen eta ugaritzen dabiltza. Nork daki zer lanetan jardungo duen urte gutxi barru egungo profesionalak? Horrexegatik, nire ustean, unibertsitateko gradu-titulazioak ahal den orokorrenak, eta ez espezializatuegiak, izan behar dira. Ikasleei ganorazko oinarri sendo eta irmoak erakutsi behar zaizkie, etorkizunean lan espezializazioan gerta daitezkeen aldaketei irtenbidea emateko gai izan daitezkeenak".

Dekano berria oso harro dago Zientzia eta Teknologia Fakultatera heltzen diren ikasleen mailagatik: "Fakultate baten kalitatea ez da neurtzen soilik bere irakasleen bikaintasunagaz, hein handi batean bere ikaslegoaren kalitateagaz neurtzen baita. Gaur egun, biak, bai irakasleak bai ikasleak, ezin hobeak dira. Hala, ikasleak ahalik eta erarik onenean prestatzeko ardura dugu, titulazioa amaitzen dutenean enplegagarritasun bikaina izan dezaten".

Fakultatearen ardatz nagusiak hurrengo urteetarako

Dekanotza-taldeak zehaztatutako programaren muinean ikasleak izango dira: "Gaur egungo Euskal Herriko gizartearen ikasle hoberenetarikoak gure fakultatera etortzen dira. Beraz, erronka garrantzitsua da ondo prestatzea, fakultatetik irtengo direnean enplegagarritasun-eskaintza zabala izan dezaten. Fakultatea, ikerketa-arloan, EHUko eta Euskadiko erreferente sendoa da eta horrela jarraitzea ahalbidetu behar dugu. Bestalde, fakultateak bide onetik jarrai dezan Kudeaketaren kalitatea areagotzea ezinbestekoa da. Hainbat arrazoi direla-eta, adibidez ikerketarako finantziazioaren eta promoziorako bideen murrizketa edo belaunaldien txandaketa aproposerako zailtasunak, langileen artean ilusioa gal ez dadin, dekanotza-talde honek helburu argia du: ilusioa areagotzea".

Kurtso honetan, ikastegiaren 50. urteurrena betetzen delar, fakultate osoaren parte hartzeagaz "ilusioa areagotuko" duen urteurren "sonatua" egiteko asmoa dute, "Fakultateak gure gizartean izan duen eta egun duen eragin handia ikustarazteko".

Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanotza-taldea

  • Dekanoa: Fernando Plazaola Muguruz.
  • Idazkari akademikoa: Aitor Payros Agirre.
  • Ekonomiako eta Giza Baliabideetako dekanordea: Gabriel Alejandro López.
  • Irakaskuntzaren Plangintzarako dekanordea: Ibon Sagastabeitia Buruaga.
  • Euskara eta Nazioarteko Harremanen arloko dekanordea: Maren Ortiz Zarragoitia.
  • Kalitate eta Berrikuntzako dekanordea: María Asunción García Sánchez.
  • Komunikazio eta Gizarte Hedakuntzako dekanordea: Monika Ortueta Aldama.
  • Ikasleen dekanordea: Olatz Zuloaga Zubieta .
  • Azpiegituretako, Prebentzioko eta Segurtasuneko dekanordea: Teresa Serrano Moreno.
  • Administrazio-burua: Maike Adame Ortiz.

Fernando Plazaola Muguruza (Legorreta, 1958) Fisika Aplikatuko unibertsitate-katedraduna da. Esperientzia handia du irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketaren arlotan: Ikerketa errektoreordea (2008-2016) eta errektorea funtzioetan ia sei hilabetez izan zen. Eusko Jaurlaritzako MIMASPEC talde kontsolidatuaren ikerlari nagusia da. 200 argitalpen inguru argitaratu ditu nazioarteko ikerketa-aldizkarietan. Deialdi-lehiakorretako Ikerketa Proiektuen ikerlari nagusia 20 baino proiektu gehiagotan da edo izan da. 10 doktorego-tesi zuzendu ditu. Gaur egun, nazioarteko batzorde biren partaidea da. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren beka bati esker doktorego-tesia garatu zuen Helsinkiko Unibertsitate Teknologikoan, irakasle bisitaria  izan zen (2003). EHUko "Ciencia y Tecnología de Materiales" doktorego-programa zuzendu zuen (1997-2000). Nazioarteko hiru kongresu  antolatu ditu.

Halaber, unibertsitateko irakaskuntzarako euskarazko testuliburu biren egilea da. Baita EHUko “EKAIA” Zientzia eta Teknologiako dibulgazio-aldizkariaren koordinatzailea sei urtez eta gaur egun kontseilu editorialaren partaide ere. Gainera, nazioarteko ikerketako hiru aldizkariren editore gonbidatua izan da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun