"Etxeetan lapurretan ibiltzen den talde baten kide bi Leioako Artatza kalean atxilotu zituztela jakin dugu duela gutxi. Hala ere, azkenaldian udalerrian gertatzen ari diren delinkuentzia kasuen adibide bat besterik ez da hori", Martínezek aipatu duenez. Ertzaintzaren iturriak aipatuz, PPk helarazitako datuen arabera, "2017agaz alderatuz, 2018ko urtarriletik irailera artean nabarmen handitu da etxeetan gertatutako lapurreten kopurua; nagusiki, indarrez egindako lapurretek gora egin dute. Azken horiek ia laukoiztu egin dira". Hala ere, Leioako PPko bozeroaleak gogoratu direnez, "berdin-berdin igo egin dira beste delitu-mota batzuk".
"Trastelekuetan eta garajeetan gertatutakoak %10 igo omen dira; motordun-ibilgailuetako lapurretak %22,22 gora egin ei dute; eta indarrez egindakoak %33,33", datu horien arabera. Bestalde, Martínezek kezkagarritzat jo du familian gertatutako tratu txarrakaz zerikusia daukaten delituek %25 igo izana edo ohikoak diren tratu txarren %40ko gorakada.
"Mila biztanleko 1,27 polizia baino ez daukagu Leioan; Bizkaia osoan ematen den kopururik txikienetakoa, Europar Batasunak, Eudelek eta Espainiako udalerrien eta probintzien federazioak (FEMP) egiten dituzten gomendioetatik oso urrun. Besteak beste, Erandion, Leioa ondoan, mila biztanleko 1,56 polizia dago. Hala, Leioako Udaltzaingoaren agenteen kopurua handitzea beharrezkoa delakoan gaude", nabarmendu du ordezkari popularrak. Hori guztiagatik, Martínezek uste du Leioan udaltzainen kopurua handiagotu beharra dagoela.
"Egia esateko, udalerrian dagoen komisaria bakarra (udaletxearen beheko aldean) ez da nahikoa Leioa osoari zerbitzu emateko. Hainbat urtetik hona eskatzen gabiltza polizia-etxe berri bat egitea edo auzo ezberdinetan udaltzainek zabalpen handiagoa izateko bulegoak irekitzea", amaitu du Leioako PPko bozeroaleak.