Auzipetuari hamaika urteko kartzela zigorra ezarri zion Bizkaiko Probintzia Auzitegi berberak hartu du epaia atera artean akusatua aske uzteko erabakia. Sexu-abusuak pairatu zituen gaztearen familiak irakaslea espetxeratzeko eskatu zuen, ihesari emateko arriskua zegoela argudiatuz. Eguaztenean, baina, eskari horren gaineko ikustaldia egin dute, auzipetuaren defentsa-abokatuak hala eskatuta. Fiskaltza bat etorri da auzipetuaren abokatuagaz, eta ihes egiteko arriskua baztertu dute.
Gorenari dagokio orain defentsa-abokatuak ezarritako helegitearen gaineko erabakia hartzea, eta urtebete iraun dezake. Tarte horretan aske jarraituko du irakasle ohiak, eta badaezpadako neurri modura, pasaportea kendu diote eta astean behin auzitegira sinatzera joateko betebeharra ezarri.
Akusazio partikularra ez dator bat erabakiagaz, eta "zigor larria izanik espetxeratzea merezi zuela" adierazi dute, "alarma sozialagatik eta, batez ere, delitua errepikatzea ekiditeagatik".
Sexu-abusu jarraituak
Leioako Opus Deiko Gaztelueta ikastetxeko ikasle ohi batek salatu zuenez, 2008tik 2011ra artean, ikasturte biz egin zizkion sexu-abusuak irakasleak. Abusuak pairatu zituenean 12-13 urte zituen, eta gehiegikerien ondorioz bere buruaz beste egiten saiatu zen eta gaur egun psikologoarengana joaten segitzen du.
Albiste hau Argiak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu HIRUKAra.