Guztira, 595 konpainiaren artean aurkeztu dituzte 628 produkzio horiek. "Bada, proposamen horietatik, 61 (%11) EAEtik iritsi dira, 275 (%46) Espainiako Estatutik –autonomia-erkidego guztietatik– eta 159 (%43) nazioartekoak dira, 25 herrialdetatik iritsitakoak: Frantzia, Italia, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Japonia, Estatu Batuak, Kanada, Argentina, Ukraina, Suitza, Israel, Costa Rica edo Txile, besteak beste", antolatzaileek zehaztu dutenez.
Eskaeren kopuruak gora egiten du urtetik urtera; izan ere, arduradunen berbetan, "konpainiek interes handia daukate Leioako Umore Azokan parte hartzeko, kaleko arteen nazioarteko erakusleiho eta ezinbesteko hitzordu bilakatu baita". "Hala ere, aurtengo gorakada aipagarria izan da, eta agerian uzten du azokak ez duela parekorik", gaineratu dutenez.
Batzorde Artistikoa daborduko hasi da XX. edizioaren programazioa osatuko duten konpainiak eta ikuskizunak aukeratzen. Laster emango dute horren berri.
"Hitzordu emankorra"
Kaleko arteen azoka hau Leioako Udalak antolatzen du, Kultur Saila buru dela; eta diru-laguntza publikoak zein pribatuak jasotzen ditu. "Jaialdi paregabea bilakatu da herrira gerturatzen diren guztientzat, jai itzela herritarrentzat eta hitzordu oso emankorra bertan parte hartzen duten profesionalentzat", esan dute udal-iturriek.
Ikuskizunak programatzeaz eta kontratatzeaz arduratzen diren 200 pertsona inguru bertaratu ziren iazko azokara: "Horrek erakusten du Umore Azokak garrantzi handia duela kaleko artistentzat, jarduera profesionalaren motor eta dinamizatzaile legez".