Leioako Udalak 38,1 milioi euroko aurrekontua onartu du

Iker Rincon Moreno 2018ko abe. 14a, 11:25

Atzo egin zuten udal-batzarra. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak 38.117.648 euroko udal-aurrekontua onetsi du, 2019rako. Soinu Atadia eta Euskararen Erakundea erakunde autonomoen aurrekontuak 2.287.304 eta 1.160.837 eurokoak izango dira, hurrenez hurren. Kontuek %8,5eko hazkundea erakusten dute 2018koakaz alderatuz.

Foru Ogasunak edo Udalkutxak izan dituzten diru-sarrera handiagoen ondorioz da handiagoa aurtengo aurrekontua: erakunde biek aurreikuspenak gainditu dituzte; horrez gainera, Udalek zergengatik eta tasengatik edukitako diru-sarrerak handiagoak izan dira, agintari leioaztarrek azaldu dutenez. Udalkutxaren ondorioz Udalak izan duen igoera 1.186.434 eurokoa da.

Partida garrantzitsuenen artean, diru-sarreren atalean (7. kapitulua. Kapital Transferentziak) %59ko hazkundea azpimarratu behar da, hau da, 1.366.137 euroko sarrera. Diru-sarrera horiek Eusko Jaurlaritzatik (ikastetxeetan egindako irisgarritasun, egokitzapen- eta mantentze-lanak, garapen jasangarria eta ingurumen-arloetako inbertsioak), Bizkaiko Garraio Partzuergotik (Txorierriko igogailuan egindako inbertsioa) eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergotik (horniduragaz eta saneamenduagaz erlazionatutako lanak) datoz.

Modu berean, inbertsioen atalak ere %33,5eko hazkunde garrantzitsua erakusten du, 4.511.786 eurora iritsiz, udal-aurrekontu osoaren %11,83, hain zuzen ere. Alor horretan, partida garrantzitsuena Auzoak Eraikiz programara bideratzea aurreikusten da, auzoetako mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko helburuz.

2019ko beste jarduketa garrantzitsuenetako batzuk argiztapen publikoan, umeentzako ekipamenduetan eta bio-osasungarrietan, kirol eraikinetan eta instalazioetan egin beharrekoak izango dira, eta Herri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriaren aurrerapenean eta egin beharreko azterlanetan eta proiektuetan ere bai, hiri-birgaikuntzako lanak ahaztu barik.

2019ari begira, 900.000 euro bideratu dira Aurrekontu Irekiak programara.

  • Aurrekontu gehien izango duten jarduketak hauek izango dira:
  • Ikastetxeei emango zaizkien diru-laguntzak.
  • Ohitura osasungarriakaz eta bizikidetzagaz erlazionatutako programak.
  • Euskararen sustapenerako laguntzak.
  • Enplegagarritasunari laguntza.
  • Enpresen eta merkataritzaren lehiakortasunaren sustapena, identifikazioa eta aholkularitza finantzaketaren bilaketan, merkataritza-sektorerako programa espezifikoen garapena, laguntasuna soluzio teknologikoetan.
  • Kultura ekintzailearen sustapena.
  • Harrerako etxebizitzak etxeko indarkeriaren biktima diren emakumeentzat eta baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonentzat.
  • Aurrekontu handiagoa gizarte arloko larrialdi egoeretarako eta umeen tratamendu psikologikorako.
  • Programa berri bi, adinekoengan bakardadea hautemateko eta osasunaren prebentziorako eta babeserako.
  • Artatza Jauregian gizarte eta kultura izaerako jarduera berriak sustatzea.
  • Aterpe Leioa Gaztegunearen jardueren hedapena.
  • Umore Azoka indartsuagoaren ospakizuna, 20. urteurrena dela eta.
  • Balioetan oinarritutako hezkuntza.
  • Aurrekontu handiagoa berdintasunerako, emakumeenganako indarkeriaren eta desberdintasunaren prebentziorako kanpainak zabaltzeko.
  • Herri-jaietarako aurrekontuen hazkundea.
  • Hobekuntzak kirol instalazioetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun