Erroak dantzan

Izaskun Rodriguez 2019ko urt. 24a, 13:42

© TXINTXUA FILMS

Telmo Esnal eta Asier Altuna Aupa Etxebestegaz egin ziren ezagun 2005ean. Euskaraz egindako film ikusiena izan zen Handia ailegatu arte, eta laster izango dugu ikusgai Agur Etxebeste. Elkarregaz edo bakarka, asko dira Esnalek eta Altunak zine euskaldunari egindako ekarpenak, baina Dantzagaz Esnal ohiko zinetik harantzago joan da. Ikusleen gozamenerako ikuskizun paregabea sortu du, gure kulturari opari erraldoi bat eginez. Kultur Leioan ikusi ahal zango da otsailaren 2, 3 eta 4an.

98 minutuan entzuten den berba bakarra “txotx” da. Dantzaren bidez kontatzen da film honen istorioa. Erraz ulertzen diren metaforak eta sinbologia erabiliz, nekazaritzagaz, naturagaz, erronkakaz, bizipozagaz eta amodioagaz dauzkagun harremanak gorputzaren bidez kontatzen dira. Musika, koreografia eta jantzitegiaren bidez ukitu berri bat ematen zaie dantza tradizionalei. Bira ausarta eta erakargarria, Javier Agirrek argiagaz jolasean egin duen apustuak lagunduta.

Azkenengo Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean estreinatu zen Dantza, Glocal in Progress sariak eman zien azken bultzadak lagunduta. Hazia Koldobika Jauregi eskultoreak landatu zuen zazpi urte lehenago. Euskal dantzaren egoeraz arduratuta, gaztetan dantzari izandako Telmo lagunarengana zuzendu zen zerbait egin behar zutelakoan.

Prozesu luze horretan ezinbestekoa izan da Juan Antonio Urbeltz, euskal dantzan aditua den antropologoa. Beraren ustez kolektibitatea da euskaldunon ezaugarrietako bat, eta proiektu hau horren adibide argia izan da. 250 dantzari, lehen lerroko 60 bat teknikari profesional, tarteka egindako urtebeteko filmaketa, behin eta berriz errepikatu beharreko koreografiak, lokalizazio-sorta ederra… Pentsa zenbat lan, zenbat buruhauste.

Helburua euskal dantzaren garrantzia plazaratzea bazen, belaunaldi berriengan interesa piztea, etorkizuna ziurtatzea, uste dut lortu dela. Berez, azken urteetan saltoa izugarria izan da, hainbat dantza talderen trebeziak lagunduta. Baina benetako arrakasta herrietako plazetan gazteak dantzatzen ikustea da. Jon Maya koreografoak esan ohi duen bezala: “Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko!”. Bihotzagaz eta elkarlanean aurrera egiten duten proiektuak beti dira arrakastatsu, gaineratuko nuke nik film hau ikusita.

FITXA TEKNIKOA:

Zuzendaria eta gidoilaria: Telmo Esnal
Zuzendaritza artistikoa: Koldobika Jauregi
Koreografoa eta antropologoa: Juan Antonio Urbeltz
Argazki-zuzendaria: Javier Agirre
Dantza-taldeak: Duguna (Iruñea), Argia (Donostia), Arkaitz (Añorga), Kezka (Eibar) eta Haritz (Elgoibar)
Iraupena: 98 min

Emanaldiak: Otsailak 2, 3, 4, Kultur Leioako auditoriumean. Ordua: 20:00
Sarrera: 4,5 euro.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun