Harri indartsu baina leuna

Izaskun Rodriguez 2019ko ots. 6a, 18:44

Jaime Rosalesek egiten duen zineak, gustatu ala ez, altxor bat gordetzen du: berezko izaera. Ez dabil ikusle, industria edo epaimahaien onespenen bila, eta hala ere lortu egin ditu. Petra-gaz, apustua ikusle gehiago erakartzea izan da, lan egiteko modua eta ideiak aldatu barik, eta lortu egin du. Kultur Leioan emango dute otsailaren 12an, 20:00etan.

Ibilbidea modu ezin hobean hasi zuen Rosalesek: Las horas del día, bere lehenengo lanak, Cannesen saria lortu zuen, eta La Soledad izeneko bigarrenari esker, film onenaren eta zuzendari onenaren Goyak eroan zituen etxera.

Petrak ez daki nor den bere aita. Amak asko maite du eta ez dio inoiz esan, baina hura hildakoan, ikertzen hasi eta Jauma izeneko artista famatu bat izan daitekeelako susmoa hartzen du. Petrak, margolaria izanik, arte-erresidentzia baten bidez lortuko du Jaumaren etxean eta familian sartzea. Haren emazte Marisagaz, eta Lucas semeagaz, harreman estuak sortuko ditu.

Aurrekoetan ez bezala, antzezle famatuak aukeratu ditu Rosalesek proiektu honetarako. Aurten Estatuan egindako film arrakastatsuenetan (El Reino, Todos lo saben) txalotzeko lana egin duen Bárbara Lennie da protagonista erabat nagusia. Naturaltasuna da antzezle honek duen armarik boteretsuena. Bigarren lerroan, baina inoiz baino egiazkoago, Marisa Paredes diva handiak emaztearen rola jokatzen du, eta semearena, berriz, Àlex Brendemühlek, Rosalesegaz zergatik errepikatu duen argi utzita.

Antzezleak euren erosotasun-eremutik ateratzeagatik da famatua Rosales, pertsonaiez eztabaidatzeko aukerarik ez emateagatik, ez-ohiko inprobisazio kontrolatuengatik... Antzezleakaz izan dituen tirabirak ezagututa, deigarria da haiek pertsonaiei emandako sakontasuna. Aipagarriena Jaumaren pertsonaia gorpuztu duen Joan Botey hasiberriaren lana da. Ahoa bete hortz geratzeko modukoa, inoizko pertsonaia bihotz gabeenetako bat erakusten baitu, odol-tanta bat isuri barik.

Kronologiarik jarraitu gabe ere, ikusleengan etengabeko jakin-mina pizteko dago egituratuta pelikularen gidoia. Atalka eta denboran aurrera eta atzera eginez tragedia grekoaren zantzuak ditu, gai potoloetan murgilduta: erroak ezagutzeko beharra; pertsonen izaera zelan eraikitzen den; krudelkeriaren zergatiak; sekretuak gordetzearen ondorioak; diruaren esklabo izateak; tabuak; erruduntasuna… Clara Roquet eta Michel Gaztambideren neurriko gidoilarien laguntza sumatzen da.

Etengabeko berrikuntzan, Rosalesek ia beste pertsonaia baten lekua eman dio kamerari. Lokalizazioetara sartzeko modua, tarteka pertsonaiengandik aldenduz, haien solasa entzunez beste ezer erakusten digun bitartean.

"Petra" berbak harria esan gura du antzinako grekoz, eta zinez diot, harriaren indarra behar du izan tragedia honetako protagonistak, gertatzen zaiona gertatu arren bihotza harri ez bihurtzeko.

PETRA

Zuzendaria: Jaime Rosales
Gidoilariak: Jaime Rosales, Clara Roquet eta Michel Gaztambide
Antzezleak: Bárbara Lennie, Àlex Brendemühl, Joan Botey, Marisa Paredes…
Iraupena: 107 min

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun