Askartza Claret ikastetxeak ikasle bati kalte-ordaina pagatu beharko dio, eskola-jazarpena jasateagatik

Kerman Santiago Alkorta 2019ko ots. 7a, 10:01
Askartza Clareteko jolastokia. © ASKARTZA CLARET

Askartzak 6.320 euro ordaindu beharko dizkio ikasle bati, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak urtarrilaren 25ean erabaki zuenez. 2015ean jazo zen gertaera, neskak 13 urte zituela. Gelakide batzuek dutxan grabatu eta Snapchat sare sozialean zabaldu zuten bideoa.

Probintzia Auzitegiaren erabakiak zuzendu egiten du hasiera batean Getxoko Lehen Auzialdiko epaitegiak emandakoa, hark ez baitzion eskola-jazarpena leporatu Askartzari. “Ikastetxeak ez duela erantzukizunik gertatutakoan eta eskola-jazarpenik ageri ez dela ere esan zuen epaileak”,  jakinarazi du ikaslearen familiaren abokatuak. Ebazpena atzera bota du Bizkaiko Probintzia Auzitegiak, eta ikasleari kalte-ordaina pagatzera behartu du ikastetxea.

2015eko maiatzaren 15ean, neskak 13 urte zituela, gertatu zen jazarpena. DBHko lehenengo mailan “lagunen taldea galdu” zuela dio, beste gelako neska-mutil batzuekaz batera elkartu baitziren ordura arte beraren lagunak zirenak. Neska, lagun berri bigaz elkartzen hasi zen, eta “begirada arraroak” eta “ezizen iraingarriak” jasaten zituzten.

Jazotako guztiaren ondoren, neskak dio “larrituta, lotsatuta eta umiliatuta” sentitu zela, eta soinketara eta igerilekura joateari utzi zion.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun