Esnatu Leioa: “Udalak eraiki gura duen kiroldegi pribatua ez dugu behar leioaztarrok”

Kerman Santiago Alkorta 2019ko ots. 14a, 12:13

© ESNATU LEIOA.

“Kirol-ekipamendu pribatua” sortu guran dabil Leioako Udala, orain dela hamalau urtera arte Inkarnazioetako Dominiken komentua zegoen lurzoruan. Esnatu Leioa udal-taldeak ekimenaren aurkako iritzia azaldu du: “Geriatriko berria zabaltzeko aukera galduko dugu”.

Jose Ignacio Vicente Esnatu Leioako alkategaiaren ustez, “kezkagarria da” hiri-antolamenduko plana aldatzea lurzoru urbanizagarrian kiroldegia eraikitzeko. Mendiaren erdian “ikaragarrizko ingurumen-inpaktua” izango duela ere gehitu du. “Uste dugu lotsagabekeria neurrigabea dela proiektuaren azalpenera arkitektoa, proiektuaren bultzatzaileak eta ni neu bakarrik joatea, abisua bi ordu lehenago etorri baitzen”, adierazi du hautagaiak.

Leioaztarren beharrakaz bat ez datorren ekimena dela ere esan du Vicentek. Udalerrian geriatriko baten premia, ordea, funtsezkotzat jo du: “Erandiora egin behar izaten dute haren beharra duten leioaztarrek, eta bertan dauden plaza urriakaz konformatu behar dute” kritikatu du. Zerbitzu pribatu eta etilistak albo batera uztearen alde agertu da Esnatu Leioako hautagaia. “Ez dugu onartuko eskualdeko pertsona dirudun gutxi batzuen onerako (Neguri, Algorta...) izango den hirigintza-operaziorik”, gehitu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun