Maiatz erdialdean Leioako kaleei giro berezia emango dieten ikuskizunen erdia baino gehiago estreinaldiak izango dira. Hemeretzi estreinaldi absolutu izango dira, eta beste zazpi Espainiako Estatukoak. Bestalde, hiru obra izango dira lehenengoz kalean, aretoetatik kanpo, antzeztuko direnak.
Mundu osotik jasotako 620 proposamenetatik, Euskal Herriko hemeretzi aukeratu ditu Leioako Udalak izendatutako Batzorde Artistikoak. Beste hemeretzi Espainiako Estatutik etorriko dira, eta zortzi, beste lurralde batzuetakoak. Leioako hiru taldek ere izango dute lekua, Tokiko Eszena ekimenean pare hartuko dutenak.
Denera 120 emanaldi baino gehiago eskainiko dira Umore Azokan, kanpoaldean eta ez-ohiko guneetan. Ez da sarrerari ordaindu beharko horiez gozatzeko. Programazioan antzerkia eta zirku garaikideek izango dute lekurik gehien, baina izango da bestelakorik ere: musika, magia, clownak, dantza bertikala eta airekoa, txotxongiloak... Horrez gainera, musika-tresnak egiteko tailerra ere egongo da.