Leioako Umore Azokaren XX. edizioaren programazioa aurkeztu dute gaur goizean Leioako Artatza jauregian. Ekitaldian Mari Carmen Urbieta Leioako alkatea eta Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea egon dira. Era berean, bertan egon da Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako Foru Diputatua. Eusko Jaurlaritzagaz eta INAEM Kultura eta Kirol Ministerioaren esku dagoen erakundeagaz batera, ekitaldi horren laguntzaile nagusia da Aldundia.
Urbietak azpimarratu duenez, hogeigarren urtez jarraian, Leioa "Kaleko Arteen hiria bilakatuko da". Alkateak adierazi duenez, udalerriak ekitaldiagaz duen harremana jarduerak antolatzetik haratago doa, eta azokaren beharrak kontuan izan dira hiri garapena diseinatzerako orduan: "Sabino Arana kale berriztatuak hainbat ikuskizun jasoko ditu, sortu berri den aisiarako gunean, eta horrek, hiri atseginagoa eta hobeto prestatua eratzeko egin dugun apustuari erantzuten dio".
Urbietak gogorarazi du, baita ere, Udalak esfortzua egiten duela urtero azokaren kalitateari eusteko, eta pozik agertu da hogei urteko konpromisoaren ondoren lortutako emaitzagaz: "Esfortzuak merezi du, Umore Azoka Leioa, gure ekonomiarako, kulturaren sustapenerako eta kaleko profesionalentzako eta artistentzako erreferentziazko hitzordu gisa finkatu dugulako". Hala, Umore Azoka Leioak duen garrantzia azpimarratu du alkateak, ekitaldi hori baita EAEn euskal konpainia gehien biltzen dituena.
Amaitzeko, alkateak bertako talentuari ematen zaion laguntza aipatu du, aurten, laugarren urtez jarraian "Tokiko Eszena" ekimena eramango baita aurrera. 2019an Leioako 3 konpainiak hartuko dute parte: Leioako Musika Bandak, "A Day at the Circus, ¡Pasen y vean!" lanagaz (Musika); Fidias Fundazioak, "The Last Wimba-Dinkas" (Hiriko dantzak) ikuskizunagaz; eta Zirkun Zirko Eskolak, "Zirkun txiki ikuskizuna" (Antzerkia eta Zirkua) emanaldiagaz.
46 konpainia eta 120 emanaldi baino gehiago
Programazioari dagokionez, XX. edizioa kalitateak, aniztasunak eta originaltasunak markatuko dute, Batzorde Artistikoak 620 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu baititu parte hartuko duten konpainiak. Horrela, Umore Azoka Leioa 2019ko programazioak, 120 emanaldi baino gehiagora hurbiltzeko aukera eskainiko du, horietatik 19 erabateko estreinaldiak. Bertan, antzerkia, dantza eta zirku garaikidea izango dira ardatz nagusia; era berean, komediarako, musikarako, magiarako edo dantza bertikalerako lekua ere egongo da.
Sorkuntza sektorearen ikuspuntutik, Umore Azokak funtsezko erreferentzia izaten jarraitzen du Euskal Herriko Kaleko Arteetarako. Horrela, parte hartuko duten 19 euskal konpainien artean 15ek orain arte ikusi gabeko ikuskizunakaz egingo dute.
Estreinatu behar diren lanen artean hauek daude: Ana Capilla konpainiaren "Cajita de música" (Musika eta dantza); Circo Dabitxiren "La máquina y yo" (Antzerkia eta Zirkua); Demode Quartet-en "Epa Txiki" (Antzerkia eta musika); Dikothomia Cía-ren "e.go" (Zirkua eta Antzerkia); Goitiberaren "Yijaaa!!!" (Antzerkia eta Clowna); La Glo Zirko Dantza Konpainiaren "Sacred" (Zirkua eta Dantza Bertikala); Malas Compañías Zirko Taldearen "Prozak" (Zirkua eta Clowna); Organik Dantza Antzerkiren "Sardina freskue!" (Danza eta Antzerkia); Izen bereko konpainiaren "Reportero on Fire" (Clowna eta Performancea); Salitre Teatroren "Mr. Soft. Silence, dance o no!!" (Antzerkia eta Clowna); Toni La Salen "Txontxongilo bertsolariak" (Txotxongiloak eta Performancea); Trapu Zaharraren "Turistreando" (Antzerkia); eta Zanguango Teatroren "Al otro lado" (Antzerkia).
Leioa Kantika Koralaren "Kantiketan" lana ere erabateko estreinaldia izango da. Abesbatzen musikan, umorean eta dibertsioan oinarritutako emanaldi berezia prestatu du XX. Umore Azoka Leioaren programa ofizialean parte hartzeko.
Euskal ordezkaritza ondorengo konpainiakaz osatuko da: Akelar konpainiaren "Al Baker’s Saloon" (Magia eta Antzerkia); Garazi & Cíaren "Erraia" (Ekilibrismoa, zirkua eta dantza); Intujai Teatroren "Aire hemendik" (Clowna eta Antzerkia); Malicia! Cíaren "El punto de la i" (Zirkua eta Antzerkia); eta Trakamatrakaren "Matraka ma non troppo" eta "Taller Trakamatraka" (Musika eta performancea).
Espainiar Estatutik 19 konpainiak hartuko dute parte, erabateko 4 estreinaldigaz eta kaleko 3 estreinaldigaz, hauek, hain zuzen ere: Rolabolaren “Rock Circ” (Antzerkia eta Clowna); Vaivén Circoren “Esencial” (Antzerkia eta Zirkua); Nuc-en “Aigua”(Aireko dantza); El Feditoren “Oyún” (Zirkua); Jean Phillippe Kikolasen “Calor” (Txotxongiloak); Bucraá Circusen “El gran final” (Clowna); Cía Capicúaren “Koselig” (Magia); Cía Ytuquepintasen “JoJo” (Artea harearekin); Cía Nom Provisionalen “Qui cu qui qué quina” (Zirkua eta Antzerkia); Delrevés Danza Verticalen “Finale”; El que ma queda de teatreren “Antipasti” (Magia); Antón Coucheiro Cíaren “Sonámbulo” (Antzerkia eta Clowna); Sincronacidasen “Ohlimpiadas” (Clowna); Iker Gómez Dantza Konpainiaren “El pequeño lago de los cisnes”; Territorio Violeta – Diminuto Teatro sobre ruedasen “Una situación insostenible” (Antzerkia); Le Guignol Orthopediqueren “Tutilimundi” (Txotxongiloak); Mariana Collado & Lucio A. Baglivoren “MYL” (Dantza); La Cueva Teatro de Calleren “#LaCampaña” (Antzerkia); eta Uparteren “Áureo” (Zirkua).
Nazioartetik 8 konpainia etorriko dira, erabateko estreinaldi bategaz eta 7 aurkezpenagaz: Collectif Eflirkoaren “Echos” (Dantza); Collectif Kaboumen “Systéme D” (Zirkua); eta Company Super Superren “Plouf et replouf” (Clowna) frantsesak. Eta Italiatik etorriko diren Jashgawronsky Brothersen “PopBins” (Zirkua); Kolektiv Lapso Cirken “11” (Zirkua); eta Tobias Circus/Due Etti e Mezooren “Equilibrium Tremens” (Clowna).
Programa ofiziala, “Piti peta Hofen Show” (Zirkua eta Dantza) ikuskizuna ekarriko duen Cíe LMP konpainia alemanak eta “An encounter” (Akrobazia lurrean) emanaldia eskainiko duen Jordi L. Vidal belgikarrak osatuko dute.
120 emanaldi baino gehiago horiek, 30 eremu eszeniko baino gehiago dituzten 13 kokalekutan ikusi ahal izango dira eguenetik domekara: Errekalde Plaza, Udaletxea, Bulebarra, Aldapako Auditorioa, Sabino Arana, Udondoko Bulebarra, Errotako Aparkalekua, San Juan Plaza, Barandiaran Behekoa institutua, Euskal Etxeen Plaza, Ondiz, Jose Ramon Aketxe Plaza, eta Estartetxe kalea. Horrez gainera, udalerriko zenbait gune (Estartetxe, Sakoneta, Udondoko Bulebarra edo Kultur Leioa) hartuko dituzten ikuskizun ibiltariak ere egongo dira.
Jarduera profesionalak
Leioako Umore Azoka ez da ikuskizunak aurkezteko gune soila. Hasieratik, sektore barruan ezagutzak trukatzeko, elkartzeko eta gogoetarako gune gisa ere egituratu da. Hori dela eta, azokarekin batera zenbait jarduera profesional ere egiten da, eta horretarako mundu osoko 200 profesional baino gehiagok eman dute izena. Horien artean azpimarragarriak dira Sarearev-Antzokien Euskal Sarearen Batzar Nagusia; euskal konpainien proiektu eta prozesu artistikoen aurkezpena jasoko duen IV. Artekale-Sarea topaketa; eta arte eszenikoen merkatuaren etorkizuna eztabaidatuko duen COFAE Topaketa.
Horrez gainera, Artekale Elkarteagaz lankidetzan, Umore Meeting edo negozio bilera azkarrak ere egingo dira; une honetan penintsula iparraldean lanean ari diren Zirku elkarteen bilera; eta Euskadiko Kaleko Arteen Jaialdietako arduradunen topaketa.
Gainera, barikuan, maiatzaren 17an, 14:30ean, XX. edizioan parte hartuko duten konpainiei eskainiko zaien harrera ekitaldi ofiziala egingo dute, baita Umore Azoka 2018ko sariak banatu ere. Ekitaldia Mendibile Jauregian egingo da, eta Umore Azoka 2019 Sari Berezia ere bertan banatuko da.