Zinean buru-belarri 60 urte baino gehiago eman ondoren, martxoaren 29an galdu genuen kultur zaleok Agnès Varda, bere filmen samurtasunagatik gogoratuko duguna. Zorionez, ez dugu beraren begirada argia galduko, zeluloidean iraungo du. Visages, villages, 2017an, 89 urterekin, estreinatu zuen lana duzue adibide.
Jean René da dokumental dibertigarri honen bigarren izarra. Formatu handiko argazkilari famatuak, Louvre Museoko piramidearen 30. urteurrena ospatzeko, apirilean aurkeztu du bere azken lan txundigarria. Vardarekin bizi izandako hainbat abenturaren ostean, Renék ere zerutik ikusteko adinako tamaina duen artelan erraldoia burutu du. Artistaren azken agurra beste artista bati.
Caras y lugares dokumental entretenigarrian bikote bitxia, maitagarria, argia eta alaia osatzen dute 33 urteko Jeanek eta 89 urteko Agnèsek, elkarrekin Frantziako txokoetan sormena zabaltzearekin batera. Formatu handiko argazkiak inprimatzea ahalbidetzen dien furgoneta xelebrean sartu eta herrietako historien bila abiatu dira. Herritarren jarrera ezin hobea da aurkezten dizkieten erronka edo ekintzen aurrean.
Varda eta Renéren pausoak jarraituz ezagutuko ditugu Frantziako herri txikietako historia txikiak: meatzarien azken etxeak edo nekazaritza eta lantegietako langileak izango dira protagonistak. Umorea eta ideia txoroak ere ez dira faltako.
Barrea, zoriontasuna eta malkoren bat ere osatzen dituzte 94 minutu hunkigarri hauek, non artea museo eta aretoetatik urrun eta herritarrengandik hurbil ikusiko baitugun. Iragankor izateak, egun batetik bestera naturaren eraginagatik desagertuko direla jakiteak, gainera, argazki moduko adierazpen artistiko hauei beste zentzu bat ematen die. Artearen helburua edertasuna, komunikazioa, bihotza eta burmuina astintzea bada, lan honek erabat betetzen du.
Jatorrizko izenburua: Visages, villages
Zuzendari, gidoilari eta antzezleak:
Agnès Varda, Jean René
Iraupena: 94 min
Maiatzak 14, 20:00etan
Kultur Leioako auditoriumean