Dikothomia konpainiak irabazi du Euskadiko Kaleko Ikuskizun Onenaren Saria, "(`e.go)" lanarengatik, "mazoen erabilera originala duen lan garaikide, pertsonal eta ausarta, ikuskizunari ukitu poetiko garrantzitsua emanez. Halaber, ikus-entzuleekin lortzen duen konplizitatea elementu azpimarragarria da", azaldu dute epaimahaiko kideek.
Kaleko Ikuskizun Onenaren Sariari dagokionez, "ex aequo" lortu dute konpainia bik: Kataluniako Delrevés Danza Vertical konpainiak, "Finale" lanarekin, "bikaintasunez, zehaztasunez eta harmonia zorrotzez gauzatutako dantza klasiko bertikal proposamen berezia. Dantza klasikoa ikus-entzule guztiei modu bikainean hurbiltzen dien ikuskizuna". Eta Murtziako UpArte konpainiak, "Áureo" ikuskizunarengatik. "Zirkuko teknika bikaina erakusten duen proposamena. Modu ezin hobean koreografiatutako garapenaren bitartez, ikuskizunak emozioen 'crescendo' batean murgiltzen gaitu, eta jauzi kualitatiboa erakusten du konpainia honen ibilbidean".
Aurten epaimahaia osatu dutenak hauek izan dira: Amagoia Garaizabal Clown eta Pailazoen Arrigorriagako Nazioarteko Jaialdiaren zuzendaria; Anna Gribet Firatárregako Zuzendari Artistikoa; Carlos Morán Serantes Kultur Aretoko Zuzendaria eta Titulartasun Publikoko Antzokien, Auditorioen, Zirkuituen eta Jaialdien Espainiako Sareko Presidentea; Fernando Marín KaldeArteko-Vitoria-Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiko programatzailea; eta Valentín Rodríguez Réplicako, Kanarietako Arte Eszenikoen Enpresen Elkarteko Presidentea.
Gainera, gogorarazi behar da joan den barikuan Umore Azokak 2019ko Ohorezko Saria eman ziela Donostiako dFeria eta Aguilar de Campooko AR.CA jaialdiei, euren 25 urteko ibilbidearengatik.