Aldapan segituko dute Leioako txosnek, baina askoz malda txikiagoan. Hainbatetan saiatu ostean, txosna-batzordeak lortu egin du azken urteetan ezagun egin den osasun-etxearen atzeko gune latzetik alde egin eta erosoago batera joatea. Zehazki, udaletxearen inguruan egongo dira aurten txosnak, Sarrienarantz doan errepide berriko biribilgunean. Hor ere aldapa dago, baina inolaz ez gune zaharrekoa bezain malkartsua. "Txosnalarien lana zailtzen zuen hark", diote batzordeko kideek. Udalak, oraingoan, ez du agertokirik ipiniko, eta horren ordez txosna-gunekoa erabiliko du zenbait ekitalditarako.
Kokagune zaharra uzteko helburua bete dute, baina ez dute lortu gura luketen behin betiko lekura ailegatzea. "Lauzpabost urte barru Sabino Aranara hurbiltzea espero dugu", diote batzordekoek, "urbanizazio-aldetik bertan egongo den aldaketa handiak Leioako bizitzaren erdigune bihurtuko du ingurua, eta helburua hor egotea da".
Baina horiek etorkizuneko kontuak dira, eta 2019ko sanjuanez berba egitea dagokigu orain. Ekainaren 20tik 24ra izango dira jaiak (egitarauak aurreko asteetan egindako zenbait ekitaldi jaso ditu baita ere, ekainaren 15eko Antzinako Eguna barne), eta horrek esan gura du iaz baino gau bat gehiagoz gozatu ahal izango dela aurten. Eta gauei dagokienez, apustu handia egin dutela aldarrikatzen du txosna-batzordeak. Su Ta Gar nabarmentzen da, zalantza barik gune horretan eskainiko diren kontzertuen artetik.
Erreferentzialtasuna
Urtez urte klasiko izaera lortu duen ekitaldia azpimarratu beharra dago: Akelarrea. "Txosna-guneko eskaintzarik politenetakoa da, eta eskualde osoan gure programazioa erreferentziala izan dadin lagundu duen emanaldietako bat". Umeentzako ikuskizuna egunez aldatzea izan da beste erabaki bat. Lehen domeka arratsaldez egiten zen, "jaiak amaitzeko zorian zeudela", eta oraingoan barikura eroan dute, txokolate-janaren ostera.
Azken urteetan arrakasta izan duen beste ekitaldi bati ere eutsiko diote: kuadrillen plater irekia. Hau da, kuadrilla bakoitzari txosnara sartu eta bere musika ipintzeko aukera ematea. Hori bai, txosna-batzordeak ezarritako baloreei begirunez jokatuta. Hau da, ez da hitz sexistarik, xenofoborik edota arrazistarik onartuko.
Leioako San Juan jaien eta beste festa askoren egitarauen berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!
Android sistemarako:
https://play.google.com/store/apps/details?id=acvmultimedia.hiruka&rdid=acvmultimedia.hiruka