"Euskal ohiturak eta kultura proiektatzen dituztenei" ematen dizkie Mendibile Jauregiak Eskerrik Asko sariak, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Leioako Udalaren babesagaz. Esangura berezikoa da herri-kirolean dabiltzan edo ibili diren hiru pertsonari ematea, jauregiak berak herri-kirolen gaineko erakusketa iraunkorra du eta.
Saridunen ibilbidea
Aitzol Atutxa dimoztarra Euskal Herriko aizkolaririk garrantzitsuenetakoa da. Mendibilek azaldu duenez, "30 titulu ditu Euskadiko txapelketetan eta gaur egun bost aldiz txapelduna da". Herri-kirolean ibiltzeaz gain, txakolin-ekoizpenagaz duen zerikusia ere azpimarratu dute, mahastiak dituen familia bateko kidea da eta. Kontuan izan beharra dago Bizkaiko Txakolina jatorri-izendapenak ere parte hartuko duela sari-banaketan.
Aizkolaria da Fausto Muguerza ere, baina erretiratua, eta altuerako mozketan espezialista. Bakarretakoa, izan ere. Hain zuzen, hura izan zen Mendibileko herri-kirolen gaineko erakusketaren bultzatzaileetako bat, 2014an.
Jose Martin Bustinza Tubi-ri dagokionez, Euskal Herriko lasto-altxatzaile nagusia dela esan liteke lasai asko. Euskadiko Txapelketa zazpi bider irabazitakoa da, beste inor baino gehiago.
Erakusketa berria
Sari-banaketaren ekitaldia herri-kirolak ardatz izango dituen beste erakusketa bat aurkezteko baliatuko dute. Javier Moure artistak egindako margolan, zirriborro eta argazkiak izango ditu ikusbide erakusketa horrek.