Pinuetan egindako lanen emaitzaz kexatu dira hainbat bizilagun

Unai Brea 2019ko uzt. 11a, 15:44

Bizilagun baten etxetik hartutako irudia. @ LEIHOA.INFO

Udalak Pinueta auzoan egindako aldaketak ez dira behar adinakoak, bertako hainbat herritarrek salatu duenez. Asfaltatze-lanak "adabakiak ipintzearen parekoak" izan direla adierazi dute, eta aparkalekuak kendu dizkietela gaineratu dute. Udalak bere webgunearen bidez eman zuen egindako lanen berri orain hiru egun.

Zenbait bizilagunen esanetan, "adar-jotzea" izan dira Leioako Udalak Larramendu eta Bizkaia kaleetan egindako lanak, leihoa.info atariak jaso duenez. Benetako asfaltatze baten ordez, zenbait lekutan breazko "adabaki txikiak" ipini besterik ez dutela egin adierazi dute auzotar horiek; "gainerakoa orain dela 35 urte bezala utzi dute". Pinuetan bizi pertsonak, Udalarentzat, "bigarren edo hirugarren mailako" herritarrak direla azpimarratu dute kexa zabaldu dutenek

Beste kexa bat aparkalekuei dagokie: autoa uzteko leku ugari kendu dituztela salatu dute bizilagunek. Kopuru zehatza Udalaren beraren webgunean ikus daiteke: "Antolaketa berriarekin kale horietako aparkaleku kopurua murriztu egin da, honela, hain zuzen ere: 3 aparkaleku Bizkaia kalean eta 5 aparkaleku Larramendiko barruko plaza bakoitzean [hamar denera]". Aldaketen zergatia larrialdietako ibilgailuen irisgarritasun-arloko araudia bete eta pertsonen segurtasuna ziurtatzea dela azaldu du Udalak: "Badakigu auzoan aparkatzeko arazoak daudela, eta lekuak kentzeak ondorioak izango dituela, baina (...) indarrean dagoen arautegia bete behar dugu". Auzoaren antolamenduari "soluzio orokor" bat emateko lanean dagoela gehitu du Udalak.

EH Bilduk, bere aldetik adierazi du 2017an onartu arren Pinuetako antolamendu-arazoak konpontzeko diru-kopuru bat bideratzea, erabaki horrek ez duela gerora gauzatzerik izan praktikan. Aurrekontu hori bere ekimenez onartu zela azpimartratu du koalizioak.

Ideia-lehiaketa

Iaz auzoa berrosatzeko ideia-lehiaketa iragarri zuen Udalak. Artean hirigintza-zinegotzia zen Iban Rodriguez gaur egungo alkateak esan zuenez, talde tekniko batek aztertuko zituen ideiak, haren bideragarritasunaz erabakitzeko, eta emaitza jende aurrean erakutsiko zuten. Hala ere, ez ziren zehaztu prozesu hori gauzatzeko epeak, leihoa.info-n irakur daitekeenez. "Udal Gobernu Taldeak ez die proposamenen gaineko informaziorik helarazi ez Pinuetako biztanleei ez Udalbatzako zinegotziei". Udalak 2018a iragarritakoaren arabera, 80.000 euro bideratuko ziren ideia-lehiaketatik ateratako proiektua aurrera ateratzeko.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun