Udako jaiak 2019

Parrandarako prest eta kantari, San Bartolome auzoko baselizaren inguruan

Erredakzioa 2019ko abu. 22a, 10:35

Leioako San Bartolome auzoko jaiak abuztuaren 23tik 25era izango dira aurten. Ohiko jarduerakaz jolastu da jai-batzordea, den-denak hiru egunean trinkotuz, festez gogotsu eta indartsu gozatzeko.

Gogotsu helduko diete beste urte batez Leioako San Bartolome auzoko bizilagunek gune horretako jaiei. Aurten ere, hiru eguneko festak antolatu ditu jai-batzordeak; duela hiru urte sei egunekoak izan ziren ospakizunak. Hala, abuztuaren 23an emango diete hasiera jaiei, 11:00etan, txupina jaurtiz eta Txirlori omenaldia eginez. Ondoren, umeei begirako askotariko jarduerak egongo dira aukeran, hala nola puzgarriak, margo-txapelketa, jolasak eta igel-toka lehiaketa. Aurten ere ez da egongo kuadrilla-kalejirarik, eta iaz proposatutakoari eutsiko diote: mozorro-jaia. Lehenengo egunari amaiera ematearen arduraduna Urrats taldea izango da, hark joko baitu gaueko erromerian.

Hurrengo egunean, zapatuan, Luhartz izango da iluntzean giroa piztuko duen taldea; hala ere, hitzordu hori baino lehen hamaika ekintza egongo da aukeran. Horien artean nabarmentzekoa da auzokide denak batzeko antolatu duten herri-bazkaria. Horretaz gozatu gura duenak txartela erosi beharko du; horretarako, jaiak hasten diren egunetik egongo dira salmentan, txosna handian. Bazkalostean, musean adituek horretan jokatzeko txapelketa arina izango dute aukeran; gainontzekoek zumban gerrikoa astindu edo tortilla onena egiteko erronka izango dituzte aukeran, besteak beste.

Azkenengo egunean, domekan, tradizio handikoa den marmitako-lehiaketa azpimarratu beharra dago, 54.a izango da eta. Urtez urte murriztu egin da norgehiagoka gastronomiko horren parte-hartzea, baina giroari eusteko saiakera egingo dute aurten ere. Are gehiago, beste urte batez, umeentzako marmitako-masterklasa eskainiko dute. Auskalo, neska-mutiltxo horiek helduko diote gaur egungo nagusien ohiturari eta erronka gastronomikoari; hori horrela, hasiera-hasieratik prestatu beharra daukate.

San Bartolome jaietako egitarauaren berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun