Europa osoan Autorik Gabeko Egunak emango dio amaiera Mugikortasunaren Asteari. Iaz, esaterako, hogei herrialdetako 2.700 hiri ingurutan egin zen ekimena, baita Leioan ere. Aurtengo asmoa Bilborantz doan Bulebarraren ondoko errepidearen aldea ixtea da.
Autoek libre utzitako espazio horretan jarduera ugari egingo dute 11:00etatik 15:00etara, mugikortasun aktiboarekiko sentiberatasuna sortzeko asmoz: parkour-tailerra, herri-kiroletan oinarritutako jolasak, txikientzako oztopodun ibilbideak, erakusketak...
Bihar, bestalde, Oinezkoen Pausura ibilbidearen hamabosgarren edizioa egingo dute. Goizeko 11:00etan izango da abiatzea, Sakoneta kiroldegian; aurtengo goiburua, Leioa Aktiboa! "Helburua herritarrak pertsona guztientzako mugikortasun aktiboagoa eta osasungarriagoa nola bultza daitekeen pentsatzera animatzea da", azaldu du Udalak.