Altunak eta Esnalek askoren arreta lortu zuten Txotx, 40 ezetz eta Topeka film laburrekin, baina arrakasta etxebestetarrek eman zieten. Euskaraz filmatutako lanek pantaila handian lekua izan zezaketela erakutsi zuten 341.462 euro bilduz eta Donostiako Zinemaldian Gazteriaren Saria jasoz. Tamalez, euskarazko gidoi gutxik lortu dute horrelako harrera onik, Moriartiren Handia-k baino ez du lortu aretoetara jende gehiago erakartzea.
Altuna eta Esnal orain dela lau urte hasi ziren pentsatzen Etxebeste sendiaren bizipenek bigarren atal bat ez ote zuten mereziko. Nagore Aranburu antzezle eta gidoilariarekin sortu dute Agur Etxebeste!, eta estreinaldirako leku aproposa aukeratu dute: Donostiako 67. Zinemaldiko Euskal Zinemaren Gala.
Lehen filmak gizartean bizi dugun itxurakeriak, bekaizkeriak eta besteek baino gehiago izan nahiak zertara eraman gaituen agerian jarri zuen, umorez. Familia etxean ezkutatuta, itxurari eusteko, hamalau egunez, 24 orduz. Orain, Agur Etxebeste!-n, gaurkotasun handiko gaiak dira ardatza, egoera surrealista bideratzen dutenak: politikarien ustelkeria eta emakumeen botere-ahalmena. Topiko asko erabiltzen dira, baina familiaz eta amodioaz ere hitz egiten dute sakon.
Patrizio Etxebestek alkatetza uztera behartuta ikusten du bere burua ustelkeriagatik, baina osasun-arazoak dituela esanez. Agintea ez galtzeko asmoz, Maria Luisa emaztea izendatzen du herriko lehen emakumezko alkate. Maria Luisak oso serio helduko dio lan berriari eta udaleko funtzionamendua goitik behera aldatuko du, Patriziorekin duen harremana eta etxeko giroa hankaz gora jarriz.
Elena Irureta da filmaren izar dirdiratsua, egoera larrienak eta irribarrea eragiten dizkiguna. Euskal Herrian ekoiztutako ikus-entzunezko produktuak kontsumituz gero, nork ez du antzezle zoragarri honen ahalmena ezagutzen? Berdin gertatzen da Ramon Agirrerekin. Oso bestelakoa da Iban Garateren kasua, antzezlan umoretsuak eta informazio serioa ETBn aurkezteko gai den gizon talentuduna. Paco Sagarzazuk, aldiz, lau pertsonaia nagusietatik maitagarriena sortu du dudarik gabe.
Kamera aurrean familiartean badaude, kamera atzean ere kutsu bera sumatzen zaio ekoizpenari. Lehenik eta behin Altunaren jaioterrian, Bergaran, egin delako filmaketa, eta oraingoan bai, herriko txokoak dotore ikusten direlako. Adi, gainera, filmean rol txikietan agertzen diren antzezle ezagunei.
Pasa diren hamalau urteak azalean igartzen zaizkie protagonistei, baita gaizki egindakoa konpontzeko grina ere. Baina edozein gauzaren gainetik amodioa dagoela ez dute ahaztu etxebestetarrek.
FITXA
Zuzendariak: Asier Altuna, Telmo Esnal.
Gidoilariak: Asier Altuna, Telmo Esnal, Nagore Aranburu.
Antzezleak: Ramon Agirre, Elena Irureta, Iban Garate, Paco Sagarzazu.
Iraupena: 90 min.
Emanaldiak: urriaren 12, 13 eta 14an, 20:00etan, Kultur Leioan. Sarrera: 5 euro (astelehenean 3,5 euro).