Datorren astelehenean, hilak 14, arrastiko 18:00etan egingo dute Kultur Leioan erakusketaren inaugurazioa. Hantxe egongo dira antolatzaileek elkarrizketatutako emakumeak, 60ko hamarkadatik hona udalak izan duen bilakabideaz testigantza eman dutenak, bai hainbat arlotan eman ere: hezkuntza, baserria, enplegua, euskara, politika, kultura, ohiturak...
Orain urte inguru hasi zen proiektua mamitzen, herriko emakume-talde batek elkarregaz bildu eta garai denetako leioaztar emakumeen ahotsa entzunaraztea kezkatuta. "Kale-izendegiari begira", azaldu dute erakusketaren sustatzaileek, "Euskal Herriko gizonen izenak topa genitzakeen: Txomin Aresti, Luis Bilbao Libano, Sabino Arana... Geure buruei galdetu genien: ez da egon gure herriaren historia emakumerik ala?".
Hutsunea betetzeko asmoz, herriko emakumeen lekukotzak jasotzen hasi ziren; lehenik, 60-80 urte bitartekoenak, oraingo honetan behintzat garai jakin bati eman gura izan baitiote arreta: 60ko hamarkadatik honakoa: "Hainbat emakumeren testigantzak falta dira, baina hau hasiera izatea espero dugu". Banan-banako elkarrizketa egin aurretik (hamazazpi, denera) topaketa egin zuten eurakaz proiektua aurkezteko, eta materiala bila zezaten eskatzeko. Hala, hainbat idatzizko dokumentu, argazki, egunkari, jantzi eta bestelako elementu batu dituzte, ahoz ahoko elkarrizketan grabazioez gainera. Horixe dena ikusi eta entzun ahal izango da astelehenean zabalduko duten erakusketan. Urriaren 31ra arte iraungo du ekimenak.
Erakusketaren programazio zehatza ikusteko, deskargatu gure app-a, doakoa da!
Android sistemarako:
https://play.google.com/store/apps/details?id=acvmultimedia.hiruka&rdid=acvmultimedia.hiruka