Leioako Eguneko ekitaldiez "herritar denek gozatu ahal izatea" eskatu du Elkarrekin Podemosek

Unai Brea 2019ko urr. 28a, 16:25

Travellin´ Brothers musika-talde ospetsuari eman dio Udalak saria aurten, Leioako Egunaren ospakizunean. © LEIOAKO UDALA

Joan den barikuan egin zen Artatza Jauregian Leioako Egunaren ospakizuna. Ohi denez, omenaldi bat egin zen; hain zuzen, Travellin´ Brothers leioaztar musika-taldeak jaso du aurten Udalaren saria. Bestalde, eta lehenengoz, domekan hainbat ikuskizun izan ziren kalean egun horri lotuta; hala egitea txalotu du Elkarrekin Podemosek, baina barikuko omenaldian herritar denak ezin egotea kritikatu du.

"Leioako Eguna kalera irtengo da" iragarri zuen Udalak joan den urriaren 23an, eta Artatzan egin ohi den omenaldiaz gain Sabino Aranan zirkua eta Pinuetan kaleko musikari-talde bat izango zirela jakinarazi zuen. Elkarrekin Podemosek, ohar baten bidez, udal-gobernua zoriondu du "leioaztar denek" gozatzeko moduko ekitaldiak programatzeagatik Leioako Eguna dela eta, baina Artatzako ekitaldira, herriko elkarteez gain, beren-beregi gonbidatutakoak besterik ezin joatea deitoratu du. Saria nork jaso behar duen herrira denek aukeratzea eta sari hori kalean egindako ekitaldi batean ematea eskatu dute, honenbestez.

"Leioako Elkarrekin Podemosek, eta aurretik Esnatu Leioak, mota horretako ekimenetara ez joatea erabaki genuen; garesti samarrak dira, eta leioaztar gutxi batzuentzat baino ez", adierazi dute. Kostuari dagokionez, iaz Artatzan egindako omenaldirako 8.351 euro gastatu zirela nabarmendu dute, horietatik 5.809 lunch bat ordaintzeko.

Jai-batzordeak aurten jasotako diru-kopuruagaz konparatu dituzte zenbaki horiek. Zehazki 6.816 euro bideratu dira aurten jaietarako, adierazi dutenez, hau da, iaz Artatzako Jauregian egindako Leioako Egunaren ospakizunera baino 1.535 euro gutxiago.

Udalak bere webgunean azaldu duenez, Leioako Egunaren ekitaldian "leioaztarren eta Leioarekin zerikusia dutenen ordezkapen bat (elkarteak, enpresak, taldeak…) elkartzen dira eta momentu hori aprobetxatuz Udalak Leioaren alde lan egin duen elkarte eta pertsona bat omentzen du". Elkarrekin Podemosek azaldu du begi onez ikusten duela herriko elkarteak gonbidatzea, baina ez banako batzuk espresuki gonbidatzea, gainerako herritarrak kanpoan utzita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun