Chavarri familiaren garaia gogoratzeko asmoz, antzeztutako eta testuinguruan kokatutako bisitak egingo dituzte; horien bidez, Leioako Udalak jauregiko ateak zabaltzen jarraitu gura du eraikinaren historia eta jatorria herritarren artean ezagutarazteko.
Lehen aste-akabuko bisitak, azaroaren 16 eta 17an, leioaztarrei bakarrik zuzenduta egongo dira bisitak. Gainontzekoetan, urtarrilaren 5era artekoak, gainontzeko pertsona denentzat zabalik egongo da. Aurretik izena eman beharko da Kultur Leioan edo 946 072 570 telefonora deituta.
Gogoratu dutenez, "ez da ohiko bisita izango, bisitek ez dute ohiko gidarik izango, baizik eta jauregiko 'biztanleek' kontatuko dizkigute eraikin erakargarri horren sekretuak eta xehetasunak".
Ordubeteko bisitak izango dira, eta denbora tarte horretan, jauregiko zenbait gela ezagutaraziko dituzte, garai batean ziren bezala: Hall, kapera, logela pribatuak, sukaldeak, jantokiak, egonlekua, haurren gunea, aretoak, kanpoko lorategiak eta pergolak.
Open House 2019ko eraikinik bisitatuena
Artatza eraikina ezezagun handia da askorentzat, eta, horregatik, erakargarritasun handia du inguruko bizilagunentzat. Horregatik, Open House egitasmoaren aurtengo edizioan Artatza jauregia izan zen bisita gehien jaso zituena: 3.500 lagunek baino gehiagok bisitatu zuten jauregia iraileko azken aste-akabuan. Antolakuntzatik adierazi zuten bezala, gida kopurua indartu behar izan zuten, "jende andanari arreta eman ahal izateko".