San Bartolome eta Artatzagane auzo-elkarteek eta Auzotarrok Kultur Elkarteak bultzatu dute plataforma, eta besteak beste sinadura-bilketa abiarazi dute change.org webgunean. Hau idazteko momentuan 1.582 lagunek eman dute izenpea. Auzotarrok elkarteko Alberto Santo Tomasen esanetan, “komentua abandonatuta dago duela hamalau urte bertan geratzen ziren domingotarren azken mojak Salamancara joan zirenez geroztik, eta sustatzaile batek Udalari proposatu dio kirol-instalazio pribatu bat egitea hor; horretarako babesa kenduko diote 47.474 metro koadroko eremu bati, eta hori da guretzat arazorik larriena”.
SOS Kurkudi!-ren ustez, hainbat inpaktu negatibo izango ditu Udalaren egitasmoak. Batetik, “mendi-magala suntsituko dute, malda naturala eta landaredia kenduta, eta hormigoiari emango diote lekua, oraingoa baino bizpahiru bider gehiago”. Izan ere, komentuak 2.500 metro koadro inguru hartzen du, eta aurreikusitako instalazioek 21.000 beteko dituzte.
Paisaian eta bertako espezieengan eragin kaltegarria izango du horrek, Alberto Santo Tomasek dioenez, eta bestetik trafikoa zaildu egingo dela ere uste du: “Ez dago garraio publikorik, oso aldapatsua eta zaila da oinez edo bizikletaz joatea, eta bestela ere auto ugari ibiltzen da inguruotan, Arteako merkataritza-gunea oso hurbil dago eta”.
Proiektuan tenisean jokatzeko bederatzi pista, eta padelerako hamabi aurreikusten dira, baita ere igerileku bat, areto-futbolerako, saskibaloirako eta erabilera ugariko jokalekuak; komentuaren eraikinean, berriz, gimnasio bat eta spa bat egin gura dituzte, ostalaritza-instalazioakaz batera. Behin hasierako izapideak eginda, lanek urtebete inguru iraungo luketela iragarri dute. Sustatzailearen berbetan, proiektuak ingurumen-inpaktuaren azterketa izango du eta onartuko den erabilera bakarra kirol-erabilera izango da; horren arabera, beren-beregi debekatuko da etxebizitzak eraikitzea. Prezioak ez liratekeela oso handiak ere adierazi dute, inguruan dauden beste instalazio “elitistago” batzuetan ez bezala.
SOS Kurkudi!-k salatu egin du, bestalde, parte-hartzerako aukerarik eman gabe eta informazio gutxiegi emanda garatu dela proiektua. Auzotarrok taldeak eta San Bartolome eta Artatzagane auzo-elkarteek mahai ingurua antolatu zuten azaroaren 22an, Udalbatzako alderdiak gonbidatuta eta aldeko eta aurkakoek eztabaida egin zezaten (kontra azaldu direnak EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-Esnatu Leioa dira). “Baina udal-gobernukoak ez ziren etorri”, kexatu da Alberto Santo Tomas, “ez EAJ, ez PSE, ez udaleko arkitektoa”. Batzar hartara 120 lagun inguru joan ziren, eta adostu zituzten neurrien artean dago sinadura-bilketa martxan ipintzea.