Leioak baditu 2020rako aurrekontuak: 40,5 milioi euro

Erredakzioa 2019ko abe. 20a, 09:21

© LEIOAKO UDALA

Leioako osoko bilkurak onartutako aurrekontua, berez, 39.006.398 euroko izan da, eta 2.319.046 eta 1.186.287 izango dituzte, hurrenez hurren, Soinu Atadia eta Euskararen Erakundea erakunde autonomoek. Aurtengoarekiko igoera %2,3koa izan da. Aurrekontuak aurkako boto barik onartu direla azpimarratu du Leioako Udalak.

Udal-gobernuan dauden alderdien, hau da, EAJren eta PSEren aldeko botoakaz onartu dira aurrekontuak. Beste hiru taldeak (EH Bildu Elkarrekin Podemos-Esnatu Leioa eta PP) abstenitu egin dira. Popularren kasuan, euren zinegotzi bakarrak oraindik orain hartu du kargua (osoko bilkura berean, izan ere) eta ez du astirik izan aurrekontu-proposamena lantzeko. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, berriz, euren zuzenketa batzuk onartu izanagatik ez dute aurkako botorik eman. Denera, oposizioaren hamasei zuzenketa onartu dira, aurrekontuaren 543.000 eurori eragiten dietenak.

Gobernuko alderdiei dagokienez, aurrekontuak aurrera ateratzeko oposizioagaz egindako negoziazioen garrantzia nabarmendu dute bai Iban Rodriguez alkateak, bai Ugaitz Zabala EAJren bozeramaleak, baita Juan Carlos Martinez PSEkoak ere. "Bilera emankorrak izan dira, urte osoan mantendu gurako nituzkeenak", adierazi du alkateak. Ordezkari sozialistak, bere aldetik, mota horretako kontsentsuak sarriago lortu beharko liratekeela esan du, eta gogorarazi Leioako historiako aurrekonturik handienak direla onartutakoak. 

Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk eskertu egin dute aurrekontuez eztabaidatzeko izandako elkarrizketa-giroa, nahiz eta alderdi moreak "beste baterako gaia lantzeko denbora luzeagoa" izan gurako lukeela ñabartu. Edozein kasutan, hiri-ortuak sortzeko eta birziklatze-paperontziak ipintzeko aurkeztutako zuzenketak onartu izana nabarmendu du Jose Ignacio Vicente haien bozeramaleak. EH Bilduko Asier Izquierdok, berriz, esan du onartutakoak ez direla bere taldeak diseinatuko lituzkeen aurrekontuak, baina eskertzekoak direla udal-gobernuak izandako jarrerak eta hartu-emana.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun