Kurkudi mendiko proiektua

Komentuaren ingurua ez ukitzeko eskatu dute ehunka leioaztarrek

Unai Brea 2020ko urt. 24a, 13:38

Leioako Kurkudi menditxoari babes bereziko izendapena eman zion 2001ean onartutako HAPOak, eta bertan eraikitzea galarazi (gaur egun komentu huts bat dago inguruan); orain gutxi, ordea, kalifikazioa aldatzeko lehenengo pausoa eman du Udalak, eta aurkako mugimendu bizia sortu da.  

Joan den urriaren 31ko osoko bilkuran onartu zen Leioako HAPOan aldaketa egitea, domingotarrena izandako komentua dagoen Kurkudi muinoko eremua birkalifikatzeko. Hala, horko lurrak urbanizaezin eta babes berezikoak izateari utziko diote, etorkizunean kiroldegi bat egiteko. Horri erantzunez, hainbat elkartek SOS Kurkudi! plataforma osatu zuten, Udalak proiektua bertan behera utz dezala eskatzeko.
San Bartolome eta Artatzagane auzo-elkarteek eta Auzotarrok Kultur Elkarteak bultzatu dute plataforma, eta besteak beste sinadura-bilketa abiarazi dute change.org webgunean. Hau idazteko momentuan ia 2.000 lagunek eman dute izenpea (beste batzuek, 1.000tik gora, paperean egin dute). 

Auzotarrok elkarteko Alberto Santo Tomasen berbetan, «komentua abandonatuta dago duela hamalau urte bertan geratzen ziren domingotarren azken mojak Salamancara joan zirenez geroztik, eta sustatzaile batek Udalari proposatu dio kirol-instalazio pribatu bat egitea hor; horretarako babesa kenduko diote 47.474 metro koadroko eremu bati, eta hori da guretzat arazorik larriena». Santo Tomasek aipatutako enpresa sustatzailea, zehazki, Atutxa S.L da.

Paisaiari kalte

SOS Kurkudi!-ren ustez, hainbat inpaktu negatibo izango ditu Udalaren egitasmoak. Batetik, "mendi-magala suntsituko dute, malda naturala eta landaredia kenduta, eta hormigoiari emango diote lekua, oraingoa baino bizpahiru bider gehiago". Paisaian eta bertako espezieengan eragin kaltegarria izango du horrek, Alberto Santo Tomasek dioenez, eta bestetik trafikoa zaildu egingo dela ere uste du: "Ez dago garraio publikorik, oso aldapatsua eta zaila da oinez edo bizikletaz joatea, eta bestela ere auto ugari ibiltzen da inguruotan, Artea merkataritza-gunea oso hurbil dago eta".

Proiektuan tenisean jokatzeko bederatzi pista eta padelerako hamabi aurreikusten dira, baita igerileku bat eta areto-futbolerako, saskibaloirako eta erabilera ugariko jokalekuak ere; komentuaren eraikinean, berriz, gimnasio bat eta spa bat egin gura dituzte, ostalaritza-instalazioakaz batera. Behin hasierako izapideak eginda, lanek urtebete inguru iraungo luketela iragarri dute. Sustatzailearen berbetan, proiektuak ingurumen-inpaktuaren azterketa izango du eta onartuko den erabilera bakarra kirol-erabilera izango da; horren arabera, beren-beregi debekatuko da etxebizitzak eraikitzea. Prezioak ez liratekeela oso handiak ere adierazi dute, inguruan dauden beste instalazio "elitistago" batzuetan ez bezala.

"Justifikatu gabeko proiektua"

Abenduaren amaieran eta urtarrilaren hasieran, proiektuari alegazioak aurkeztu zizkioten hainbat talde politiko eta sozialek. Horietako batek, EH Bilduk, adierazi du "noizbait Kurkudiren magal osoa urbanizatzeko asmoz birkalifikatu dela eremua". Oro har, alegazioak eman dituztenen ustez "ezerk ez du justifikatzen" Kurkudiko inguruaren kalifikazioa aldatzea. SOS Kurkudi! plataforma sortu zuten hiru elkarteek, hain zuzen, argudiatu dute "behin ere ez dela justifikatu aukeratutako kokagunea denik onena ekipamendu berria eraikitzeko". Haien esanetan, hiri-ordenamenduan "hain aldaketa handia" egitearen zergatia azaltzera behartzen du legeak, eta kasu honetan ez da halakorik egin.

Aldaketa handi hori inor konturatu barik egin gura izatea salatu dute elkarteok alegaziootan: "Azken helburua ez da aldatu; zoru ez-urbanizagarria birkalifikatzea, bertan eraikitzea ahalbidetuz, izaera pribatua eta irabazteko asmoa dituen jarduera baterako". Kexu dira Atutxa S.L.-k aurkeztutako proiektuak ez dituela kontuan hartzen ez Leioaren bilakabide logikoa ez eta herritarren beharrizanak eta interesak ere.

Gaur egun indarrean dagoen HAPOa (2001ekoa) onartu zenetik ingurua babes berezikoa izendatzeko arrazoiak aldatu ez direla uste du EH Bilduk, eta nabarmendu du kiroldegiaren proiektua justifikatzeko beharrezkoak liratekeen hainbat txosten (biodibertsitatearen babesaz, paisaiaren gaineko eraginaz...) ez direla egin.

Aldaketa legearen barrukoa ote da?

Areago, bai koalizio abertzaleak baita auzotarren elkarteek ere adierazi dute Leioan indarrean dagoen HAPOa berraztertzeko epea gaindituta dagoela honezkero, eta hori egin arte ezin dela beraren edukia moldatu. "Legeak dio edozein momentutan egin daitezkeela aldaketa puntualak antolamendu-planetan", azaldu du Mari Jose Peleteiro EH Bilduko zinegotziak, "baina jakina denez legeek hainbat interpretazio izan ditzakete, eta kasu honetan EAEko Auzitegi Nagusiak ezarritako jurisprudentziak dio badaudela mugak aldaketa horiek egiteko, eta horietako bat da HAPOa berraztertzeko epeak gainditu izana".  

Honenbestez, kalifikazio-aldaketa ez litzateke egingarria legediaren aldetik. EH Bilduk, gainera, bere alegazioetako batean azpimarratu du egitasmoak are zentzu txikiagoa duela Pinosolon kirol-instalazio berriak egiteko prozedura administratiboa martxan dagoela kontuan hartuta. "Instalazio horiek nahikoa izan beharko lukete Leioako herritarrek kirol-ekipamendu nahikoaz gozatzeko, kantitatez zein kalitatez, eta gainera publikoa eta herritar gehienentzat irisgarria".

Gaiaz galdetuta, udal-gobernuko ordezkariek ohartarazi dute ez dutela adierazpen publikorik egingo bertako teknikariek alegazio denak aztertu eta txosten teknikoa amaituta ez duten bitartean.

"Orain dela hogei urte baino hobeto dago"

Zigor Arteaga leioaztar biologo eta kontserbazioaren eremuko aholkulariak parte hartu du EH Bilduren alegazioak osatzen; zehazki, ingurumenari lotutako argudioak idazten. Gainera, proiektuaren gaineko berbaldia eman zuen abenduan, SOS Kurkudi! osatzen duten taldeek gonbidatuta. "Lurzoru hori babes bereziko eremu urbanizaezin modura kalifikatu zen HAPOan, hainbat balio dituelako naturaren eta paisaiaren aldetik", azaldu digu, "eta balio horiek mantendu egin dira, beraz ulertezina da bestelako kalifikazio bat ematea inguruari". Izan ere, ia hogei urtez eremua babestuta egin izanak mesede egin du: "Orain hobeto dago faunaren eta landarediaren hainbat alderdiri dagokionez" dio Arteagak.  

Eraiki gura den kiroldegia belardian egongo da, eta honenbestez, proiektuak ez ei du ukituko aldamenean dagoen harizti txikia ("nahiz eta ez dagoen argi hor zer egiteko asmoa dagoen"), baina biologoaren berbetan uste baino harreman estuagoa dago habitat-mota bien artean: "Basoko espezie batzuek, zapelatzak adibidez, belardira jotzen dute elikatzera, baina belardia desagertuz gero beste leku batera joan beharko dute". Ez dago alde egiteko hainbeste aukera, ordea, "ingurua oso urbanizatuta baitago". Kurkudiko proiektuaren inpaktua izugarri handia izan gabe ere, herriko ondare naturala desagertzeko beste pauso bat dela dio Arteagak, penatuta. Edozelan, ingurumenaren aldetik izango diren ondorioak ez direla behar bezala aztertu gaineratu du: "Udalak eskatu zuen inpaktu-ebaluazioa ez da behar bezain sakona, ez du zehazten horko espezieei zelan eragingo zaien". 

 

Marihuana komentuan 

Iazko irailean, Leioako Udaltzaingoak 22 kilo marihuana topatu zituen Kurkudiko domingotarren komentuan. Landareak sikatzen ari ziren, eta Udalaren arabera, saldu izan balira 28.000 euroko balioa izan zezaketen. SOS Kurkudi! plataformako Alberto Santo Tomasek azaldu duenez, lekua aspalditik abandonatuta egoteak ordena publikoari lotutako hainbat gertakari eragin ditu, marihuanarenaz gain. Zaborra botatzea, eraikinari erasoak... "Udalak hori erabiltzen du proiektuaren aldeko argudio modura", dio Santo Tomasek, "baina gure ustez ez da aitzakia nahikoa ia 50.000 metro koadroren kalifikazioa aldatzeko".  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun