Waterpolo-entrenamenduetan euskaraz jarduten laguntzeko WEB! ekimena aurkeztu dute

Unai Brea 2020ko urt. 29a, 19:14

Waterpolo Euskaraz Bizi!, horra hor WEB! sigletan bilduta dagoen izena. Argitalpen bi kaleratuz hasi da martxan egitasmoa: Waterpoloaren Hitzen Kutxa eta Waterpoloaren eskuliburua. Jon Lopez entrenatzaileak bultzatu du ekimena, eta berak aurkeztu ditu liburuxkak, Sakoneta kiroldegian egindako ekitaldian, Iratxe Marta Uribe Kostako AEK-ko arduradunagaz eta Iban Neira diseinatzaile grafikoagaz batera.

Azaldu dutenez, 2016an hasi zen historia. Sasoi hartan, sortu berri zegoen Leioan Egunon! euskara-taldea, aurreko urteko Korrika antolatzeko elkarlanaren arrakastatik sortutakoa. Harrezkeroztik, Korrikarik ez dagoen urteetan funtzionatzen du Egunon!-ek, eta Korrika dagoenean, berriz, herrian lasterketa antolatzen ibiltzen dira bertako kideak.

2016an Leioako Konpromiso Liburua sustatu zuten, eta urte hartako udaberrian sinatu zen. Leioa Waterpolo taldea izan zen sinatzaileetako bat, eta orduan hasitako hausnarketa-prozesuaren emaitza dira gaur aurkeztu diren materialak. 

Euskaraz jarduteko tresna-falta

Klubaren jardunik ohikoena entrenamenduak direnez, oinarrizkoena horiexek euskalduntzea dela azaldu du Jon Lopezek. Haatik, bide horri ekiteko tresnak falta zitzaizkiela konturatu ziren. Garbi esanda, espezializatutako hiztegia. "Entrenatzaile euskaldunok erdaratik, bakoitzak bere erara, itzultzen ditugun termino oso teknikoak modu bateratuan erabiliz, kirolarien hizkuntz portaera berriak sortzen lagunduko dugu".

Gaurko aurkezpenean azaldu dutenez, ideia hori da Waterpoloaren Hitzen Kutxa-ren ernamuina, eta hura garatzeak eman zien kemena Leioa Waterpoloko kideei luzaroan baztertuta izan zuten ideia bati berriz ekiteko: kirolarien familiengana kirola eta euskara hurbiltzeko erreminta izango zen eskuliburu didaktikoa sortzea. Asmo horren emaitza gaur aurkeztutako Waterpoloaren eskuliburua da.

Erlazionatuak

Busti euskararen alde

Unai Brea 2020 urt 31 Leioa

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun