Udalak gaur emandako prentsaurrekoan iragarri dutenez, otsailaren 10ean hasiko da Leioan erroldatutakoek ekarpenak egiteko epea. Hainbat bide egongo dira horretarako: Herritarrentzako Arreta Bulegoan edo herrian dauden parte-hartzerako hamabost postontzietako batean inprimakia ematea, Udalaren Gobernu Irekiaren Atarira jotzea, edo beren-beregi ipiniko ditizten karpetan ekarpena uztea. Honako egunetan egongo da aukera karpetara joateko: otsailaren 18an, goizez Leioako metro-geltokiaren ondoan eta arratsaldez Sakonetan; otsailaren 19an, goizez Lamiakoko metro-geltokiaren ondoan eta arratsaldez Txorierrin; eta otsailaren 20an, goizez Pinuetan eta arratsaldez San Bartolomeko Kulturgunean. Proposamenak jasotzeaz gain informazioa emango zaie hala eskatzen dutenei.
900.000 euroko aurrekontua
"Auzotarrek Leioako behar nagusiak ezartzea" da prozesuaren helburuetako bat, Udalaren esanetan. "Herritarrak gizarte-bizitzaren protagonista aktibo bihurtu nahi ditugu, eta demokrazia parte-hartzailean sakondu". Zehaztu dutenez, aurtengo aurrekontuetako 900.000 euro bideratuko dira prozesu horretarako.
Datorren astean berbaldiak egingo dituzte Nagusien Etxeetan, prozedura azaltzeko. Hitzorduak otsailaren 10ean (Txorierrin), 11n (Lamiakon), 12an (Errekalden) eta 13an (Pinuetan) izango dira, denak 19:00etan. Beste alde batetik, zalantzak argitzeko whatsapp kanal bat ere egongo da.
Hurrengo faseak
Martxoaren 1ean amaituko da herritarrek proposamenak egiteko epea, eta ostean horien azterketa egingo dute udal-teknikariek, bideragarriak zeintzuk diren erabakitzeko. Hirugarren fasean, herritarrek aste biko epea izango dute (ez dute zehaztu noiz) aukeratutako proiektuetatik (8-12 inguru) lehentasuna zeintzuk izango duten bozkatzeko. Azkenik, bozketaren emaitza jakinaraziko da kanal publikoen bitartez.