Martxoan hasiko da emakumeen jabekuntzarako Laket eskolaren programazioa

Unai Brea 2020ko ots. 14a, 12:15

"Emakumeen jabekuntza-prozesuei laguntzeko helburua" izango du Laket jabekuntza-eskolak. Gaur, otsailak 14, zen egitekoa inaugurazioa, baina ekitaldia bertan behera geratu da. Hala ere, prest dute aurtengo lehenengo seihilekorako egitarau osoa. Jarduera guztiak doakoak izango dira.

Leioako Udaleko Berdintasun sailaren ekimenez sortu da Lamien Kantu Etxea, Laket, emakumeen parte-hartze sozio-politikoa indartzeko tresnak eskaintzeko helburua duen eskola. Leioako emakume denek parte hartu ahal izango dute bertako ikastaro, berbaldi eta bestelako jardueretan, dohainik. Ikastaroak hasi baino egun bi lehenagora arte egongo da aukera izena emateko, eta haurtzaindegi-zerbitzua egongo da aldez aurretik eskatzen dutenentzat. Mendibile ikastetxe zaharrean egongo da eskola.

Askotariko gaiak jorratuko dituzte martxoan hasi eta ekainera arte iraungo duen lehen ikastaro- eta berbaldi-sortan. Besteak beste, autodefentsa, batukada feminista, elikadura kontzientea, sexualitatea zahartzaroan... Horrez gain, gune bat egongo da emakume migratzaileek elkarren arteko harremanak landu ditzaten.

Udalak iragarri du irailetik aurrerako programazioa Laketeko erabiltzaileek eta Leioako emakume-elkarteek osatuko dutela. Asmoa dago, era berean, 2021ean erantzunkidetasun-ikastaroak antolatzeko, gizonezkoek ere berdintasuna sustatzeko zenbait ekintzatan parte hartzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun