Martxoaren 6ra arte egongo da aukera proiektuak aurkezteko, antolatzaileek oinarrietan azaldutako baldintzak betez. Epaimahaiaren erabakia astebete geroago jakinaraziko da, martxoaren 13an. Artistek edozein gai proposatu ahal izango dute, baina bereziki baloratuko da irudia egongo den eraikinaren, hau da, Bizkaiko Txakoli Etxearen ezaugarriak kontuan hartzea proiektuetan.
Lanak astegunetan aurkeztu ahal izango dira Mendibile Jauregian (12:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik19:00etara) eta Leioako campuseko Arte Ederren Fakultatean (12:00etatik 14:00etara). Gogoratu beharra dago Bizkaiko Foru Aldundiak, Leioako Udalak eta Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Izendapenak osatzen dutela Mendibile Jauregia Elkartea, eta Arte Ederren Fakultateko Pintura Masterraren laguntza dutela lehiaketa antolatzeko.
3.000 euroko saria jasotzeaz gain, irabazleak aukera izango du aurkeztutako proiektua gauzatzeko, eta horretarako behar dituen materialak eta bestelako baliabideak emango dizkio Mendibile Jauregia Elkarteak, finantzazioa barne. Bestalde, aurkezten diren lanetatik lehiaketan parte hartzeko onartuak direnak martxoan eta apirilean jauregian ikusbide egongo den erakusketan paratuko dira.
Aurreko bost edizioetako bi, bigarrena eta hirugarrena, artista berak irabazi zituen, Aritz Muguerza deustuarrak. Aurten ezin liteke holakorik jazo, galarazita baitago aurreko urtean lehiaketa irabazi duena aurkeztea.