Mundu osoko 540 proposamen jaso ditu Umore Azokak

Erredakzioa 2020ko mar. 10a, 13:04

Maiatzaren 14tik 17ra egingo da aurtengo Leioako Umore Azoka. Hain zuzen ere, 31. edizioa beteko du jaialdi ezagunak, eta antolatzaileek 540 proposamen jaso dituzte bertan parte hartzeko. Datozen asteetan jakinaraziko da aukeratutako konpainiak zeintzuk diren. 

Leioako Udalak jakinarazi duenez, 40 konpainia baino gehiago izango dira kaleko artisten artisten azokan, azken urteetan ohi den legez. Erdiak Euskal Herrikoak izango dira, eta gainerakoak atzerrikoak. Izan ere, jasotako 500dik gora proposamenak mundu osotik ailegatu dira Leioara. Batzorde artistikoak horien artetik aukeratu beharko ditu azkenik azokan parte hartuko dutenak, "originaltasuna, berrikuntza, ikusgarritasuna eta kalitatea" baloratuz, azaldu dutenez. 

Bestalde, "profesionalen alorrean erreferentzia nagusi gisa betetzen duen posizioa" indartzearen aldeko apustua egin du Azokak. Udalak Eusko Jaurlaritzagaz eta Artekale elkarteagaz lortutako akordioari esker, Portugaleko hamar jaialdi nagusien zuzendari artistikoak Leioako Umore Azokako egun denetan egongo dira. Gainera, Espainiako Kultura Ministerioagaz adostu da erakunde horrek dirulaguntza ematea atzerriko zenbait talde (Mexiko, Alemania eta Belgika, besteak beste) Leioara etorri ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun